Otsailaren 12an eta 13an Osasun-Sistemei buruzko Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren Bilbon, medicusmundi Bizkaiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. Ekitaldiaren helburua izan zen Latinoamerikan, Afrikan zein Euskadin jardunean dauden osasun-zerbitzuak aztertzea eta hedatzera ematea, eta arreta berezia eman zitzaien desberdintasunekin lotutako erronkei.
Hala, bi egunez, hitzaldiez eta eztabaidez osatutako programaren bidez, Ipar eta Hego hemisferioetako osasun-sistemek dituzten mehatxuei begirada bateratua eman nahi zitzaien, besteak beste, merkaturatzeari eta pribatizazioari; izan ere, osasunerako giza eskubidea arriskuan jartzen dute.
Inaugurazioan, halaber, Itziar Irazabalek, medicusmundi Bizkaia erakundearen presidenteak, parte hartu zuen. Ekitaldia testuinguruan jartzeko, medicusmundi Gipuzkoa eta Arabarekin batera egindako lana aipatu zuen, bai eta OPIKekin – UPV/EHUren Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldearekin– egindakoa ere.
Euskal osasun-sistemaren erronkak eta mehatxuak aztertzeko ikerkuntza-proiektu baten parte izan dira jardunaldiak. “Gure ikuspegi europarretik, zenbaitetan gogoa dugu lan egiten dugun herrialdeetara joateko gauzak nola egin behar diren esateko; hortaz, interesgarria iruditu zitzaigun lehenik gureari begiratzea, gure egoera ezagutzeko”, azaldu zuen Itziar Irazabalek Bizkaia Aretoan.
Lehenengo fasean, medicusmundi Bizkaia eta OPIKek azterketa bat egin zuten, ikusteko gizarte-mugatzaileek nola eragiten dioten biztanleen osasunari. Horretarako, Guatemalako, Honduraseko, El Salvadorreko eta EAEko kasuei heldu zieten. “Bigarren fasean, gure egoerari begiratu eta gero, ondorioztatu duguna partekatu nahi dugu aritzen garen herrialdeekin”, adierazi zuen Irazabalek. Horrela jarraitu zuen: “Gure zeregina ere bada alderdi politikoari eragitea, elkarren ondoan lan eginez, baina uneoro aintzat hartuta Estatua dela herritarren osasunaren gaineko arduraduna, betiere sozietate zibilaren parte-hartzearekin”.
OPIKekin egindako Estatua osasunaren bermatzaile Guatemalako, Honduraseko, El Salvadorreko eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemen erronkak eta mehatxuak izenburudun azterketaren emaitzak La sanidad en shock: negociando con la salud (Osasuna shockean: osasunarekin negoziatuz) izeneko Zirriborrok produzitutako dokumentalean ikusteko aukera egon zen, jardunaldietako lehen egunean proiektatu zenean.