Zergatik da horren garrantzitsua osasun sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko bat izatea?

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Mireia Utzet y Anna Giné

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera:

Osasun sistemek osasuna sustatzera, berreskuratzera edo mantentzera zuzendutako antolakunde, erakunde eta baliabideak biltzen dituzte (1).

Beraz, osasun sistemen jarduera osasun asistentziaz (lehen mailakoa, espezializatua edo ospitalekoa) harago doa eta barne hartzen ditu herritarrentzat agian horren ikusgarriak ez baina euren osasunarentzat garrantzitsuak diren elementuak ere, hala nola behaketa epidemiologikoa, ingurumen osasuna, osasun publikoaren bestelako alor batzuk, edo osasun ikerketa eta berrikuntza.

Europako osasun sistemak, funtsean, bi eredu nagusitan sailka daitezke: Osasun Sistema Nazionala (OSN) (Beverige edo Shemasko ereduaz ere ezagutzen da) eta Aseguru Sozialen Sistema (ASS) (Bismarck ereduaz ere ezagutzen da). OSNak ezaugarri hauek dituzte: zerga orokorren bidez finantzatzen dira, kudeaketa publikoa dute, eta herritar guztien eskura dago aurretik ordaintzen edo ondoren itzultzen ibili beharrik gabe. ASSak, aldiz, batez ere langileen soldatetan egindako atxikipenen bidez finantzatzen dira, eta osasun asistentzia izateko eskubidea gizarte segurantzari kotizatuz gero sortzen da, nahiz eta gainerako herritarrentzat ere zeharka bermaturik egoten den. Bi osasun ereduak alderatzen dituzten zenbait azterlanek erakusten dute OSNak emaitza hobeak lortzen dituztela osasunean eta efizientzia global handiagoa dutela (2) eta desberdintasun gutxiago sortzen dutela. Egitez, Europako herrialde gehienetan osasun sistemen finantzazioa eta aseguramendua ez da zorrozki eredu bakarrera mugatzen, bi ereduetatik hartutako ezaugarriak dituzte (4). Azken hamarkadetan areagotu egin da Europako osasun sistemen joera merkantilista eta pribatizatzailea, gehienbat austeritate politikek bultzatuta, eta sektore pribatuari leku egin diote bi ereduetan (5).

Zergatik justifikatzen dira lankidetza publiko-pribatua, zerbitzuak kanpora ateratzea, enpresa-kudeaketa, kontsortzio nahiz hitzarmenak, edo interes pribatuen txertatzea osasun sistema publikoen funtzionamenduaren logikan? Orain dela oso gutxira arte, azterlan zientifiko nagusiak Estatu Batuetan egiten ziren osasun sistema publiko eta pribatuak hartzen zituen kontuan.

Horietako gehienetan erakusten zen irabazi asmorik gabeko ospitale pribatuak efizienteagoak direla  irabazi asmoko ospitale pribatuak baino (6, 7). Europan ez da horri buruzko ebidentzia zientifiko askorik, baina azpimarratzekoak dira 2018an Europako Batasunaren hainbat herrialdeetako datuekin egindako bi ikerlan, ondorioztatzen baitute ospitale publikoak pribatuak bezain efizienteak direla (8), gutxienez behintzat, eta etekin ekonomiko hobea ateratzen dutela (9, 10). Espainian, berriz, ikusi da osasun zerbitzuen kudeaketa pribatuak edo publiko-pribatuak ez duela zertan izan hobea kudeaketa publikoa baino (11,12).

Hortaz, bada, esan dezakegu ez dagoela ebidentzia zientifiko erabatekorik esango duena ezen osorik edo partez pribatizatutako (irabazi asmoarekin edo gabe) osasun sistema bat finantzazio eta zuzkidura publikoaz bakarrik finantzatutako osasun sistema baino eraginkorragoa eta efizienteagoa dela. Osasun publikoa pribatuaren mesedetan murriztuz, gainera, merkantilizatu egiten du osasun asistentzia, negozio bihurtzen da, eta merkatuak ez du bermatzen osasun arreta ekitatez banatuko denik (13). Are gehiago, badago osasun publikoaren egitekoa pribatuaren mesedetan murriztean desberdintasun geografiko eta sozialak handitu egiten direla ondorioztatzen duen ebidentziarik; osasun arazo asko eta osasun arazo konplexuak dituzten pazienteak lehentasun gutxiago izan ohi dute, sarritan, osasun arazo txikiagoak dituztenak baino, eta osasun arretaren kalitatea kontrolatzeko aukerak gutxitzen doaz (14). Horrez gainera, ospitaleko hainbat zerbitzu kanpora ateratzea, garbiketarena edo janariarena kasu, esanez osasun aurrekontuan aurreztu dela, zalantzagarria da gero. Adibidez, Erresuma Batuan garbiketaren zerbitzua kanpora atera izana ospitaleko infekzioen gehitzearekin lotu izan da (15). Gaia luzeago azaltzen da Zer arrisku ditu osasun pribatizazioak? atalean.

Osasunaren estaldura unibertsalak bermatu egiten du pertsona guztiek izan dezaketela, bereizkeriarik gabe, osasun arreta egoki, eraginkor eta kalitatekoa eskura

Zergatik da garrantzitsua osasunaren estaldura publiko unibertsala? Osasunaren estaldura unibertsalak bermatu egiten du pertsona guztiek izan dezaketela, bereizkeriarik gabe, osasun arreta egoki, eraginkor eta kalitatekoa eskura, eta ziurtatzen du osasun zerbitzuak erabiltzeagatik pertsonak ez dituela behartzen zailtasun finantzario erantsietara, batez ere zaurgarritasun egoeran diren taldeetakoak direnean (16). Estaldura unibertsala da ekitatezko osasun sistema baten oinarria, eta erakutsi du ekitatea hobetzen laguntzeaz (17, 18) gain populazio osoaren osasuna hobetzen laguntzen duela (19).

Zergatik da garrantzitsua osasun sistema “doako” bat? “Doakoa”, honela, kakotx artean, zeren Osasun Sistema Nazionala aurrekontuen bidez bildutako zerga orokorrekin finantzatzen da. “Doakoa” esaten dugunean, behar den arreta jasotzeko unean bir-ordaindu behar ez den osasun sistemaz ari gara, egitez. Osasun sistemaren “doakotasunak” modu positiboan laguntzen du osasun estaldura unibertsal eraginkor baten zabalpenean (20), eta, bir-ordainketa moduak (ko-ordainketa) ezarriz, aldiz, ikusi da eragozpen direla eta bereizketa dakartela osasun zerbitzuak eskuratzean, batez ere baliabide urriago dituzten talde sozioekonomikoentzat, etorkinen biztanleriarentzat, haurrentzat edo adineko jendearentzat eta desgaitasuna dutenentzat, gaixotasun kroniko eta osasun arazo gehiago pairatzen baitituzte (21).

Azkenik, zergatik da garrantzitsua kalitateko osasun sistema bat? Esan beharra dago ez dagoela adostasunik kalitatea zer den eta nola neurtu behar den (osasuneko emaitzak, erabiltzaileen gogobetetzea, etab.) zehazterakoan (22). Osasun Sistema Nazionalean, adibidez, asistentzia-kalitatea esaten zaio “maila profesional bikainean eskuragarriak eta ekitatezkoak diren zerbitzuak emateari, baliabideak optimizatuz eta erabiltzailearen atxikipena eta gogobetetzea lortuz”. Kalitatea ez da, beraz, teknologia konplexuaren, hiper-espezializazioaren edo biologizismoaren sinonimo. Gainera, gehiagok ez du esan nahi hobeago, bestela pentsatu ohi bada ere. Osasun kontsumismoak zentzurik gabe ekarri du gehiegizko diagnostikoa, gehiegizko tratamendua, medikalizazioa eta iatrogenia (23, 24, 25), kostu itzela sortzeaz gain (26). Baina, hasieran esaten genuenez, osasun sistema asistentziaz harago doan zerbait da, eta kalitateaz hitz egitean ez dugu bakarrik esan nahi funtsezko zainketak eskuragarri izatea.   Kalitateko osasun sistema batek, gainera, osasuna sustatzen du komunitatean, epidemietatik babesten du, eta pobrezia murrizten, hazkunde ekonomikoa bultzatzen eta ekitatea hobetzen du (27).

Horregatik guztiagatik, osasun sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatekoa garrantzitsua izateaz gain ezinbestekoa ere bada gizarte benetan demokratikoak izateko.

 

PDF artikulua jaitsi