Etxeko eta zaintzako lana eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Isabel Mosquera

Osasuna faktore sozial ugarik baldintzatzen dute. Gure osasunaren egoeran eragiten duten faktoreak dira, eta desberdintasunak ere sor ditzakete herritarren osasunean (1). Horien artean, aipatu beharrekoa da birsortze-lana, hau da, etxeko lanak eta beste pertsona batzuen zaintza informalak uztartzen dituena. Emakumeek egiten dute etxeko eta zaintza lanen zatirik handiena (2, 3, 4), nahiz eta gizonen parte-hartzea gora egin duen zaintza alorrean, batez ere adingabeena denean (5), baina baita menpekotasuna duten adinekoen zaintzan ere (6, 7).

Birsortze-lan horretan, zaintzaren jarduna da osasunean duen eragina ikusteko gehien aztertu den alorra. Ikerlan ugarik erakutsi dute zaintzak era askotara eragiten duela pertsonen osasun eta ongizatean, betiere zaintza motaren arabera. Adingabeen zainketan, esatera, zaintza lanetatik eratorritako nekea da gehien aztertu den efektuetako bat (8, 9), soldatapeko lanaldi bati uko egiteak edo lanaldia murrizteak dakartzan lan kostuekin batera (5, 8), osasunean dituzten ondorioak barne. “Lan ezengortasuna, langabezia eta osasuna” atalean luzeago azaltzen da laneko baldintzek eta lanik ezak osasunean duten eragina.

Menpekotasun egoeran diren pertsonen zaintzan, ikerlanek batez ere adinekoak zaintzearen ondorioak aztertzen dituzte. Zaintzailearen gainkarga da gehien aipatzen den inpaktua, hau da, zaintzaileak duen egoera fisiko, psikologiko, emozional, sozial eta ekonomikoan zaintzen aritzeak duen inpaktu negatiboa (10, 11, 12). Adinekoak zaintzen dituztenek, halaber, aitortzen dute bere ongizateak okerrera egin duela (13, 14), aldaketak izan dituztela euren familia-harreman eta -egituretan (15, 16), parte-hartze gutxiago dutela lan munduan (13, 17) eta gizarte mailan isolatuta sentitzen direla (18, 19). Zainketan aritzen direnek osasun okerragoa ageri dute zainketan aritzen ez direnen aldean, bai buruko osasunean, bai emozioetan (20, 21) bai osasun fisikoan (14, 20) ere, eta inpaktua ez da berdina, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen artean (22, 23).

Zainketak ez dakartza bakarrik efektu negatiboak; zainketari eta seme-alaben hazierari egozten zaizkien efektu positiboak gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dira.

Zainketak, halere, ez dakartza bakarrik efektu negatiboak; zainketari eta seme-alaben hazierari egozten zaizkien efektu positiboak gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dira. Zainketan aritzen direnek askotariko sentimendu gogobetegarriak aipatzen dituzte, hala nola hazkunde pertsonala, balioen transmisioa, erantzukizun zentzua, eta zaintzen denarekiko maitasun eta txera (8, 13, 15, 21, 24).

Zainketaren inpaktuek ez dute bizitasun bera gizarteko sektore guztietan. Hala, zainketan aritzen den jendea aztertzean ikusten da emakumeek askoz lan karga handiagoa hartzen dutela euren gain gizonen aldean, eta azken horiek baino maizago aritzen direla zaintzan (22). Testuinguru ekonomiko eta sozialak gutxitu edo areagotu egiten ditu zainketaren ondorioak, eta horregatik dira desberdinak inpaktuak. Estatus sozioekonomikoa edo laguntza formala eta informala emateko sareak bezalako faktoreek zaintzailearen osasunean eta ongizatean dituzten eraginak alda ditzakete. Ikusten denez, beharrik handieneko maila soziala eta hezkuntza maila baxua duten emakumeek pairatzen dituzte zainketaren kargarik handienak eta, halaber, emakume horiek dira karga horiei aurre egiteko baliabide material gutxien dituztenak.

Bestetik, alde nabarmenak daude etxeko lana egitetik eratorritako inpaktuetan, lan horiek soldatapeko lanarekin uztartzen direnean. Etxeko lana parekidetasunean banaturik denean, etxetik kanpo lan egiteak efektu positiboa dakar emakumeen osasunean, soldatapeko lanik ez dutenen aldean. Etxeko lanen banaketa, ordea, ez denean parekidea, aipatu efektu positibo hori desagertu egiten da emakumeengan (25).

 

PDF artikulua jaitsi