Etxebizitza eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Erika Valero

Esan daiteke etxebizitza lehen premiako ondasun bat dela. Jateko, atseden hartzeko edo lo egiteko funtsezko jarduerak burutzeko aukera emateaz gain, biltzeko eta intimitaterako espazio bat da, eta pertsonentzako babesleku bat inguruneko eta gizarteko zailtasunen aurrean. Osasun Mundu Erakundeak (OME) berriki argitaratutako txosten batek ohartarazten du etxebizitzaren kalitateak osasunean izan dezakeen inpaktu ez nolanahikoaz, batez ere hiri-inguruneetan, horietan biltzen baita munduko jende gehiena (1). Zabal aztertu izan da etxebizitzaren eta osasunaren arteko lotura, eta adostasunak daude horren gainean. Osasuna eta etxebizitzaren arteko harremana azaltzeko, lau dimentsio proposatu izan dira, hots: etxebizitzaren esanahi sozial eta afektiboa, haren egitura fisikoa, komunitatea, eta etxebizitzaren ingurune fisikoa (2). Etxebizitza bat izateko aukera ere (alderdi ekonomikotik begiratuta, ez fisiko-arkitektonikotik) elementu garrantzitsua da pertsonen osasun fisikoa zein mentala ulertzeko.

Etxebizitzak osasunean duen eragina aztertzerakoan heldu beharreko lehen haria, izan, etxebizitza bat eskuratzeko egiazko aukerak dira. Aukera horiek asko alda daitezke, nongo testuinguru historiko eta geografikori begiratzen diogun kontuan hartuta, baita pertsonen egoera sozio-ekonomikoaren arabera ere. Ikuspegi ekonomikotik etxebizitza egoki bat (alokairuan edo jabetzan) izateak ondorio positiboak ditu norbanakoen osasunean, familiek presio ekonomiko gutxiago jasan baitezakete, baliabide gehiago bidera ditzaketelarik oinarrizko beste ondasun batzuetara, eta osasun mailak gora egin dezake horrela (3). Bistan geratu da, adibidez, euren aurrekontuaren erdia baino gehiago etxebizitzara bideratu beharrean diren diru-baliabide baxuko familiek gutxiago xahutzen dutela elikaduran eta osasun zerbitzuetan euren diru-sarreren %30a edo gutxiagoa etxearekin lotutako ondasunetara zuzentzen dituzten familien aldean (4). Halaber, etxebizitzaren ordainketari behar bezala aurre egin ezin dien norbanakoek, antza, antzemandako osasun egoera okerragoa ageri dute horrelako arazorik ez dutenen aldean, eta zailtasun gehiago dituzte baita mediku preskripzioetara atxikitzeko botiken kostua dela eta (5). Bestetik, etxebizitzaren kostuari aurre ezin zaionean egin, zenbait talde eta familia pilatuta bizitzera behartuta ikus daitezke, horrek osasunean duen eragin negatiboarekin, areagotu egiten delako gaixotasun batzuk harrapatzeko edo garatzeko arriskua, hala nola arazo kardiobaskularrak, estresa (6), tuberkulosia eta arnas-aparatuko gaixotasunak (7).

Etxebizitzaren kalitatea eta haren ezaugarriak ere garrantzitsuak dira pertsonen osasunean. Etxearen bizi baldintza txarrak, esaterako hezetasuna edo hotza egotea, arnasketako infekzioak edo asma garatzeko aukerak handitzearekin lotu izan dira (8). Halaber, edateko urik edo garbitzeko ur berorik ez izatea, zaborraren kudeaketa ezegokia, eltxoak edo arratoiak egotea eta janaria behar bezala gorderik ez izatea gaixotasun infekziosoen transmisioarekin lotu izan dira (9), eta etxebizitzetako segurtasun faltagatik bertan bizi direnek istripuak izateko arrisku gehiago izan dezakete, dela bero-iturrien kalitate eskasagatik dela eraikuntza materialen kalitate txarragatik (10).

Era berean, etxebizitza-baldintza ez egokiak osasun mental okerragoarekin lotu izan dira, zeinak urteetan iraun baitezakete baldintzok hobetu edo gaindituta ere (8, 11).

Bestetik, pobrezia energetikoa osasun maila kaskarragoekin (12, 13) eta neguko heriotza-tasa handitzearekin (13, 14) lotu izan da. Etxe barruan tenperatura hotzetan luzez egonez gero estres termikoa eragin dezake eta sistema immunologikoari bakarrik ez, sistema kardiobaskularrari ere eragin diezaioke (16,17). Egoera horiek pairatzen dituzten pertsonek osasun zerbitzuetara jo behar izateko eta buruko nahasmenduak garatzeko probabilitate gehiago dute (18), esaterako depresioa, antsietatea eta gizartearekiko isolamendua (16, 19). Etxebizitza hotzek edo hezetasuna dutenek gaixotasun erreumatologikoak edo hezur-giltzadurakoak (13, 20) areagotu ditzakete, eta baita arnas-aparatuko arazoak edo gaixotasun alergikoak ere (21).

Ondasun sinboliko bat ere bada etxebizitza, segurtasunari eta estatus sozialari atxikia

Baldintza fisiko edo material horiez gain, ondasun sinboliko bat ere bada etxebizitza, segurtasunari eta estatus sozialari atxikia (22). Beste elementu batzuen mende ere baden arren, etxebizitza izatearen garrantzia azpimarratu da segurtasun eta kontrol sentimendu hori laguntzeko (23). Halatan, ikerketa frankok erakutsi dute etxebizitza jabetzan izateak eragin positiboagoa duela osasun fisiko eta mentalean alokairuan izanda baino (24). Alabaina, etxebizitza jabea hipoteka-exekuzio baten arriskuaren aurrean egoteak ondorio kaltegarriak dakartza haren osasun fisiko eta psikologikoan, eta handitu egiten da gaixotasun kardiobaskularrak, antsietatea edo depresioa bezalakoak izateko probabilitatea (25). Ildo horretan, gai horri buruzko berrikusketa batek ondo azaltzen du etxerik gabe geratzeko arriskuan diren pertsonek osasun fisiko eta mental okerragoa izan ohi dutela, edozein izanik ere bizi diren herrialdea (26). Modu berean, bai hipoteka-exekuziorako mehatxua bai etxegabetzea bera suizidio tasa handitzearekin lotu izan dira arazo hori dutenen artean (27, 28). Oro har, frogaturik dago diru zailtasunek –hipotekaren ordainketari aurre egin beharra, besteak beste– eragin negatiboa dutela pertsonen buruko ongizatean, eta osasun baliabideak sarriago erabiltzera daramatzatela (29, 34).

Etxebizitzako ezegonkortasuna, bere aldetik, arriskua izan daiteke ere osasunerako. Zenbaitetan, gentrifikazio prozesuen ondorio baino ez da etxebizitzaz aldatu behar izatea. Fenomeno horren zioz, sozioekonomikoki bazterturik diren zenbait hiri-inguruneren balioa handitzen hasten da eta horko etxebizitzak garestitzen hasten dira, egoera sozioekonomiko handiagoko bizilagun berrien etorrera esanguratsuaren harira. Azterlan batzuk erakutsi dute bizitzeko tokiz aldatzean eten egiten direla gizarte harremanak, areagotu egiten dela estresa eta mugatu egiten dutela baliabide sozial eta ekonomikoetarako aukera, zeinak, bere aldetik, osasunari eragiten baitiote (35, 36). Halaber, lekualdatzera behartuta ikusten diren pertsonek joera handiagoa dute osasun-larrialdiko zerbitzuetara jo eta ospitaleratuak izateko, batez ere buruko nahasmenduengatik (37). AEBetan diru-sarrera baxuak dituzten talde etniko batzuei buruz egindako lan baten arabera, garbi ikusi zen etxe batean bertan denbora gutxiago bizitzea, besteak beste, lotuta zegoela depresioa jasateko probabilitate handiagoekin, nabarmen gainera.

Azkenik, pertsona bizi den inguruneak (hots, alderdi fisiko eta komunitarioak kontuan hartuz) ere inplikazio garrantzitsuak ditu osasunarekin (39). Ikusi izan da, adibidez, sozioekonomikoki egoera okerren duten auzoetan handiagoak direla gaixotasun infekziosoen gaineko tasak, tuberkulosia (40), GIBa (41) edo gonorrea (42) kasu, eta depresioa bezalako buru nahasmendu gehiago ematen direla (43), norbanakoaren berezko faktoreek eragindakoak alde batera utzita. Gainera, auzo behartsu horiek, ziur aski, ingurumen aldetik kutsadura gehien duten tokietan kokatzen dira, errepide handietatik, aireportuetatik edo autobus geltokietatik hurbil (44) direnetan, beraz, zarata iturburuetatik hurbil, ondorio negatiboak dakartzatelarik bertako bizilagunen osasunean (45).

Bestetik, ikusi da auzotarren artean ematen den gizarte kohesioa lotuta dagoela ongizate psikologiko hobearekin (46). Aldiz, bere komunitatean segurtasun eza eta desordenak nozitzen dituzten pertsonek prestutasun gutxiago dute kalera ateratzeko eta jarduera fisikoak egiteko (47), eta aukera gehiago dute antsietatea edo depresioa izatekoa (48, 49).

Sintesi modura, behean azaltzen den irudiak osasunarekin elkartzerakoan etxebizitzak dituen dimentsioak erakusten ditu, hain zuzen arestian azaldu direnak.

1. Irudia: etxebizitzaren eta osasunaren arteko determinatzaileak

 

Iturria: Novoa AM, et al. Krisiaren inpaktua etxebizitza eta osasunaren arteko harremanean. Praktika onen politikak etxebizitzen baldintzekin lotutako osasun desberdintasunak murrizteko (2014) (50).

 

PDF artikulua jaitsi