Errenta, pobrezia eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Erika Valero

Pobreziak gabezia material gutxi gorabehera handi edo txikia esan nahi du, eta beraz, hori pairatzen dutenek mugatua dute osasunerako oinarrizkoak diren bizi baldintzetarako aukera, elikadura osasuntsua edo etxebizitza egoki bat diren bezala. Halaber, eragozpena da banakoak gizartean bete-betean parte hartzeko eta jendea errazago lerratzen du hainbat arrisku fisiko eta psiko-sozialetara, hala nola segurtasun ezera edo indarkeriara. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) txosten baten arabera, pobreziak,  maila baxuko diru-sarrerekin lotuta egoteaz gain, “gizakiarentzat funtsezkoak diren gaitasun multzo baten ahultzea dakar, osasunarekin zerikusia dutenak barne” (1).

Pobrezia adierazle makroekonomiko handi batzuen arabera neur daiteke, esaterako Barne Produktu Gordinaren (BPG) edo per capita errentaren arabera, eta “herrialde txiroen” eta “herrialde aberatsen” arteko bereizketa egiten du, baina baita banakoen arteko bereizketa ere gizartearen baitan (bestelako neurri batzuen bidez, banakoaren edo familia-unitatearen diru-sarreren hala nola gastuen maila, kasu), lehen munduko gizartekoak izan edo ez izan arren ere. Beste aldetik, ez dago batere garbi errenta mailak batez ere “aberastasunaren” piramidearen behealdean daudenen osasunari eragiten dion [errenta (x) eta osasuna (y) ibilbide lerromakur batean lotzen dituen grafikoa erabiliz, une batetik aurrera lerroak utzi egiten dio goranzko joerari, eta x ardatzari paraleloan jarraitzen dio] edota pobreziaren eta osasunaren arteko lotura lineala eta mailakatua den, hau da, herritarren osasuna hierarkia sozioekonomikoan igo edo jaitsi ahala hobetzen edo okertzen den (2). Kontu horrek zerikusia du pobreziaren kontzeptua dimentsio erabateko gisa edo dimentsio erlatibo gisa hartzearekin. Lehen kasuan, benetan axola dena gizabanakoaren zailtasun materialak edo per se pobrezia da, bere ingurua kontuan hartu gabe; bigarren kasuan, berriz, norbanakoak bere testuinguru sozioekonomikoan duen posizio erlatiboa da, eta ez bere errenta maila (termino absolutuetan), osasun adierazleekin batez ere lotzen dena. Beraz, esan dezakegu ezen pobrezia fenomeno absolutu gisa hartuz gero, desberdintasun ekonomiko edo errenta ezberdintasun gisa hartzen duen ikuspegiaren bestaldean dagoela.

Ikuspegiak ikuspegi, garbi geratu da pobrezia lotuta dagoela hainbat osasun adierazleri eta osasunarekin zerikusia duten hainbat jokabideri. Egitez, literatura zientifikoaren hainbat berrikusketek erakutsi izan dute pobrezia eta osasunaren arteko lotura hori testuinguru geografiko eta une historiko ezberdinetan errepikatzen dela (3, 4, 5).

Pobrezian bizi direnak lehenago hiltzen dira eta heriotza-tasa altuagoak ageri dituzte gabezia sozio-ekonomikorik jasaten ez dutenen aldea

Gaixotze- eta heriotza-tasei erreparatuz gero, pobrezian bizi direnak lehenago hiltzen dira eta heriotza-tasa altuagoak ageri dituzte gabezia sozio-ekonomikorik jasaten ez dutenen aldean (3). Halaber, pobreziak iraupen luzeko prozesu patologiko batzuk eragiten ditu, mugatu egiten ditu eguneroko bizitzako jarduerak burutzea eta emaitza kaskarragoak azaltzen ditu osasunaren autobalorazioa egiteko orduan, bai mundu industrializatuan bai “garapen” bidean diren herrialdetan (3). Eta hori ez da dena; izan ere, frogaturik da diru-sarreren maila iragarle egokia dela adinean sartuta direnen narriadura funtzionala aurreikusteko, errenta baxuagoak dituztenen kaltetan, jakina (6). Herrialdez herrialde aztertzen jarrita, hainbat egilek lotura esanguratsuak aurkitu dituzte diru-sarrera baxuen eta bizitza-itxaropen laburragoaren artean, GIBa bezalako gaixotasunen prebalentzia handiago eta baita giza-hilketa tasa handiago ere agertzeaz gain (7, 8, 9).

Beste alde batetik, badira ebidentzia enpirikoak iradokitzen dutena  lotura esanguratsua eta garrantzitsua erakusten dela industrializatutako hainbat herrialdetan maila baxuko egoera sozio-ekonomikoaren eta gaixotasun psikiatrikoen tasaren artean (10). Desberdintasun sozioekonomikoaren ikuspegitik begiratuta hauteman denez, depresioa, eskizofrenia edo sintoma psikotikoen gisako buruko nahasmendu batzuk sarriago ematen dira desberdintasunak diren gizartetan (13, 14). Berdintasun handiagoa den gizartetan osasun egoera hobea izatea azalduko lukeen arrazoietako bat maila handiagoko gizarte-kohesioa eta gizarte-harreman sendoagoak izatea litzateke (15), esan nahi baita, maila handiagoko kapital sozial bat izatea (ikus “Kapital soziala eta osasuna” kapitulua).

Diru-sarrera handiagoak izatea osasunari lotutako jokabide hobeagoekin lotu izan da, gainera. Hori da elikadura-praktiken eta higiene arloko ohituren kasua, osasungarriagoak baitira errenta maila handiagoko familien seme-alabengan (3). Bestetik, ikusi da Europako zenbait herrialdetan alkohol kontsumo handiagoa ematen dela talde sozio-ekonomiko ahulenen artean, Finlandian edo Frantzian, esaterako (16). Elikadura ez osasungarria eta tabako kontsumoa, era berean, ohikoagoak dira EEBBetako eta Europako hainbat herrialdeetako pertsona txiroenetan (16, 17).

Bukatzeko, ondoren azaltzen den irudiak erakusten du hainbat herrialdetako ezberdintasunaren eta “osasun eta gizarte egoeraren” (hainbat adierazlek eratutako indizea, ikus grafikoa) artean den lotura. Errenta ezberdintasuna kalkulatzeko, herrialde bakoitzeko aberatsenetan %20ren eta txiroenetan %20ren diru-sarreren ratioa hartu da kontuan. Indizeak, bestalde, grafikoaren laukian agertzen diren osasun eta gizarte arazoen adierazleak biltzen ditu.

1.Irudia: Diru-sarreren desberdintasuna eta osasun eta gizarte arazoen indizea herrialde “aberatsetan”

Iturria: Wilkinson R, Pickett K. The spirit level. London: Allen Lane; 2009

Ikus dezakegunez, joera lineala ageri da, eta desberdintasun handiagoa duten herrialdeek indize kaskarragoa azaltzen dute, BPGean erakusten duten “aberastasuna” gorabehera. Hala, EEBBak leudeke osasun-indize kaskarrenak azaltzen dituen herrialde “aberatsen” buruan, munduko potentzia ekonomiko handienetakoa izan arren.

Erika Valero

PDF artikulua jaitsi