Erika Valero y Amaia Bacigalupe
Osasun publikoan egindako ikerketaren ondorio sendoenetako baten arabera, behar handieneko egoera sozioekonomikoan diren pertsonak urte gutxiago bizi dira eta osasun okerragoa izan ohi dute. Horren arrazoia da bai osasuna sustatzen eta babesten dituzten baliabideak bai pertsonak eraginpean dauden arrisku-faktoreak zeharo baldintzaturik daudela euren egoera sozioekonomikoengatik. Posizio sozioekonomikoa da gizarte-estratifikazioaren mekanismo nagusienetakoa, eta honela definitzen da: pertsonek gizarteko hierarkian duten lekua bere osotasunean azaltzen duten eta haien osasunean eragiten duten aktibo eta baliabide materialen (soldata, aberastasuna eta heziketa-egiaztagiriak) nahiz gizarteko prestigioarekin eta ospearekin lotutako alderdien (ondasunen, zerbitzuen eta ezagutzen kontsumoa) uztartzea (1).
Posizio sozioekonomikoaren eta osasunaren arteko lotura aztertzerakoan, badira adierazle batzuk taldeek gizarteko hierarkian duten egiturazko tokia ezagutzen laguntzen digutenak.
Horien artean, hauek dira garrantzitsuenak:
- Heziketa maila: Ezagutzen, erraminten eta kapital sinbolikoaren metaketa formalari buruzko informazioa ematen du, zeinak beste baliabide batzuetarako sarbide baitira, enplegurako edo etxebizitzarako kasu, eta informazioaren ulermen eta erabilpen egokia errazten dute. Modu nahiko errazean neur daiteke pertsona guztiengan, baina apenas ematen duen jasotako heziketaren kalitateari buruzko informaziorik, eta alborapenak ere sor ditzake belaunaldien edo herrialdeen artean heziketa mailari buruzko esanahi sozialean egon daitezkeen aldeengatik.
- Klase soziala: Lan merkatuan langileek duten posizioaren gaineko informazioa ematen du. Tradizio soziologikoaren ildotik, enpleguaren ezaugarriak eta egoera biltzen ditu, edo, aitzitik, produkzioaren eta antolakuntzazko ondasunen harreman sozialen ezaugarriak, hain zuzen.
- Errenta: Pertsonek dituzten baliabide materialei buruzko adierazle baliagarria da, hainbat ondasun eta zerbitzuetarako (etxebizitza, garraioa, elikadura, kultura, etab.) aukera ematen diena.
Interesa bizitokien ezaugarri sozioekonomikoak aukera ematen dute inguru sozialak osasunean duen inpaktua aztertzeko
Adierazle indibidual horiez gain, interesa bizitokien ezaugarri sozioekonomikoak (normalean, herriak/hiriak, auzoak edo errolda-atalak bezalako mugapen txikiagoak) neurtzera zuzentzen da sarritan, aukera ematen dutelako inguru sozialak osasunean duen inpaktua aztertzeko, pertsonen ezaugarri indibidualez harago. Errentaren, bazterkeriaren edo langabeziaren batez bestekoen bezalako neurrietara jo ohi da, edo neurri horietako batzuk biltzen dituzten adierazle sintetiko batzuetara, espainiar testuinguruan horren erabilia izatera iritsi den gabezia sozioekonomikoaren Medea indizea, kasu.
Heziketa mailari dagokionez, frogatu izan da prestakuntza maila handiagoa duten pertsonek bizitza luzeagoa (2, 3) eta osasun egoera hobea (4, 5) izan ohi dutela prestakuntza maila baxuagoko pertsonen aldean. Alde nabarmenak hauteman izan dira pertsonen bizi-itxaropenean norbanakoek lortutako ikasketa maila kontuan hartuta, bai EEBBetan bai Europako hainbat herrialdetan (6, 7). Halaber, heziketa maila pertsonen osasunaren eta heriotza-tasaren iragarle ona dela dirudi, hala herrialde garatuetan (5, 8, 9, 10) nola Asiako edo Latinoamerikako herrialdetan (11, 12), nahiz eta badiren aldeak lotura horien artean, unearen eta tokiaren arabera. Kontuan izan behar da prestakuntzak esanahi eta ahalmen onuragarri ezberdinak izan ditzakela, lurralde eta une historikoa zein den. Bukatzeko, zenbait ikerketek erakutsi dute heziketa maila honako adierazle hauen iragarle ona ere izan daitekela: helduen morbilitatea, desgaitasuna, bizi-itxaropena eta norberaren osasunaz den hautematea (2, 3, 10, 13, 14).
Heziketa mailak osasun egoeran betetzen duen zeregina azaltzeko proposatu izan diren mekanismo batzuk zerikusia dute, batetik, jokabide eta bizimodu osasungarriak izatearekin eta osasun zerbitzu eta baliabideak behar bezala erabiltzearekin (10, 15, 16, 17, 18), eta, bestetik, bizipen estresagarrien eraginpean egotearekin eta horiei aurre egiteko gaitasunarekin (17, 19, 20). Ildo horretan, heziketa maila baxuagoa duten pertsonak ez leudeke soilik estres maila handiagoren baten eraginpean, baliabide edo abilezia gutxiago lituzkete horiei aurre egiteko ere.
Klase sozialaren eraginari dagokionez, hainbat ikerketek eskulanetan aritzen diren langileen heriotza-tasa eta eskulanetan aritzen ez direnena alderatzen dute, azken horiek emaitza hobeagoak azaltzen dituztelarik (21, 22, 23). Era berean, aurkako lotura aurkitu da heriotza-tasaren eta lanbide klasearen artean, hau da, zenbat eta kategoria handiago izan lanean, orduan eta baxuagoa heriotza-tasa, batez ere aparatu kardiobaskularrarekin lotutako heriotzetan (24, 25), eta baita bizi-itxaropen handiagoa eta osasun oneko bizi-itxaropena ere (2, 3). Ikerketa batzuk diote gizarte eta lan munduan estatus handiago bat izateak norbanakoak libratu egiten dituela lan alienagarrietako baldintzei lotutako estresetik, beren bizitzari buruz kontrol handiagoa duten pertzepzioa eskaintzen dietela eta euren antsietate maila murrizten laguntzen dutela (26, 27, 28). Azkenik, lan egoera hobe bat izatea diru-sarrera maila hobearekin lotzen da, eta beraz, baliabide materialetarako aukera gehiago izatearekin. Kontu horretaz gehiago sakontzen da “Errenta, Pobrezia eta Osasuna” kapituluan.
PDF artikulua jaitsi