Yolanda González-Rábago
Bizi garen ingurune fisikoak nabarmen baldintzatzen du gure osasuna, eta baita egunerokoan garatzen ditugun bizi-ohitura osasuntsuak ere. Ildo horretan, jakina da ingurunean berdeguneak izanez gero populazioak osasun egoera hobea izaten eta ongizate maila handiagoa hautematen laguntzen duela (1, 2). Espazio berde horiek eraiki gabeko landaredi naturaleko leku ireki gisa definitu ohi dira, baina hiri-ingurunean ere badira berdeguneak, esate batera parkeak edo zuhaitz edo landarediko kaleak, eta oso gauza ontzat dira hirietako egoiliarren osasunarentzat (1).
Azken hamarkadan azterlan anitzek erakutsi dute berdeguneen eta osasunaren erdiko determinatzaile batzuen (ariketa fisikoa egitea, gehiegizko pisua edo obesitatea, kasu) eta estres gutxiagoren artean dagoen lotura (3, 4, 5). Zabal aztertu izan da berdeguneetan ibiltzeak populazioaren osasunean duen eragin zuzena ere, bai osasun orokorraren egoeraren hobekuntzan bai osasun mentalean nahiz hilkortasunaren murrizketan (1, 2).
Hainbat hipotesi daude naturarekin harremanean egotearen eta pertsonen osasun eta ongizatearen artean den lotura hori azaltzeko (1). Lehenengo eta behin, inguruan berdeguneak izateak osasuna sustatzen laguntzen du, aire librean jarduera fisikoa egiteko aukera eskaintzen baitu. Ezagunak dira horrelako jarduerek osasunean sortzen dituzten onurak, handiagoak baitira leku itxietan egiten den ariketaren aldean (6). Bigarrenik, berdegune publikoak lotuta daude gure ongizatea hobetzen duten harreman sozialen garapenarekin (7). Bestetik, berriz, eguzki-argitan edo sistema immunologikoa garatzeko eta hanturazko prozesuak erregulatzeko garrantzitsuak diren mikroorganismo batzuen eraginpean egotearen onurak dira aurki ditzakegun azalpen batzuk (8).
Hirian berdeguneetatik hurbil bizitzeak edo naturarekin zuzeneko harremana izateak lotura duela, onerako izan ere, bai hautematen dugun osasun egoerarekin eta bai osasun mental hobeago batekin
Edonola ere, eta lotura hori azaltzen duten mekanismoez harago joanez, frogaturik dago hirian berdeguneetatik hurbil bizitzeak edo naturarekin zuzeneko harremana izateak lotura duela, onerako izan ere, bai hautematen dugun osasun egoerarekin eta bai osasun mental hobeago batekin (1, 2, 3, 4, 9, 10). Auzoetako berdeguneen handitzeak lotura du osasun autoebaluazioa hobetzearekin (11). Bestetik, parkeak eskura egonez ariketa fisikoa sustatzen da, pasieran ibiltzea batez ere, eta horrek lotura du edozein zioengatiko hilkortasunaren murrizketarekin, osasunarekin zerikusia duen bizitza-kalitatea hobetzearekin (12, 13) eta adinean sartutakoan diabetes arriskua, obesitatea, hipertensioa eta gaixotasun kardiobaskular gutxiago izatearekin (12, 15). Hiriko espazio berdeek, gainera, murriztu egiten dute aire kutsadura (16), eta frogatuta dago horrek osasunean duen eragina (17).
Esan bezala, berdeguneek eragin positiboa dute osasun mentalean ere, osasun fisikoan dituenez gain. Ikusi da naturarekin harremanean egoteak estres maila gutxitzen duela, eguneroko jardueretan arreta jartzen laguntzen duela (18, 19) eta, halaber, autoestimua hobetzen eta antsietatea, depresioa zein nahasmendu psikosomatikoak murrizten dituela; elementu horien arteko lotura, gainera, oraindik nabarmenagoa da baztertutako taldeengan, adinekoengan eta gazteengan (20, 21). Bestalde, auzoetan aire libreko lekuak izanez, parkeak edo aisiarako eremuak esaterako, areagotu egiten da auzokideen arteko interakzio maila, eta kohesio soziala handitzen laguntzen du horrek. Badakigu sare sozial sendoak izateak onurak dakartzala osasunerako eta ohitura osasuntsuei heltzeko (22, 23), eta heriotza-arriskua murrizten duela (24, 25), edozein izanik ere norbanakoak osasunari buruz duen autobalorazioa, adina, maila sozioekonomikoa eta osasunarekin lotutako joerak, hala nola erretzea, alkohola edatea, ariketa fisikoa egitea edo egiten den dieta (26). Interakzio sozialak eta komunitate-jarduerak hobetuz, estresaren maila eta antsietate eta depresio sentsazioa gutxitu egiten dira (27).
Nolanahi ere, garrantzitsua da kontuan hartzea, berdeguneak izatea eta horietan ibiltzeko aukera osasunarentzako aktibo gisa hartzearekin batera, espazio horietaz egiten den erabilera, aurkako efektuak ere sor baitaitezke. Aisiarako espazio horiek, izan ere, arazoak dakartzan jardueretarako (alkoholaren eta legez kanpoko drogen kontsumoa) erabiliz areagotu egin daiteke komunitatearen antsietate maila (28), tentsio arteriala (29) eta osasungarriak ez diren ohituretara bultza dezake, adibidez erretzera (30).
PDF artikulua jaitsi