Marta Jiménez
Azken urteetan mundu mailan hazi egin da osasun-sistemetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabi- lera (1,2). Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen du e-osasuna: IKTak kostu-eraginkor eta seguruan erabiltzea osasunaren eremuan, osasun-arretako zerbitzuak, osasunaren zaintza epidemiologikoa, literatura zientifikoa, osasunerako hezkuntza, osasunaren arloko ezagutzak eta ikerketa barne (3). IKTak osasun-arretan txertatzeak hainbat izen hartu ditu: telemedikuntza, teleosasuna, e-osasuna, edo osasun elektronikoa.
Nahiz eta argi dagoen telemedikuntzak mundu osoan gero eta eragin handiagoa duela osasun-arretan eta, horri esker, osasun-sistemak eraginkorragoak izatea eta herritarren premiei eta itxaropenei hobeto erantzutea lor daitekeela, ezin dugu ahaztu zeinen garrantzitsua den telemedikuntzara bidezko sarbidea izatea, egun oso desparekoa baita.
Telemedikuntza inguru soziopolitiko eta ekonomiko jakin batean garatzen da, eta, horrek, biztanleriaren bizi baldintzekin lotuta, herritar guztiek eskuragarri ez izatea eragiten du, paradoxa bidegabe gisa. Alde batetik, munduko biztanle- riaren herenak baino gehiagok, hau da, 2.900 milioi pertsonak, ez du Internetera konexiorik, eta baztertutako ia biztanle guztiak (% 96) herrialde pobretuetan bizi dira, Telekomunikazioaren Nazioarteko Erakundearen (ITU) 2021 txostenaren arabera. ITU Nazio Batuen Erakundearen (NBE) erakunde espezializatua da (4). Bestalde, teknologia garatzeko erabiltzen diren lehengai asko herrialde horietatik ateratzen dira. Koltana, adibidez, gure telefono mugikorretarako beharrezkoa den minerala da eta honen meatze-ustiapenak (5) inguruko biztanleen giza eskubideak urratzen ditu, orokorrean klima-aldaketa indartzeaz gain eta bereziki langileen osasuna kaltetzeaz aparte. Horri deitzen zaio “desberdinkeriaren azal berria”.
NBEren txosten horretan bertan (4) egiaztatzen da, mundu mailan genero-arrakala digitala ere badagoela eta alde nabarmenenak Afrikan (gizonen % 35 eta emakumeen % 24) eta Estatu Arabiarretan (gizonen % 68 eta emakumeen % 56) daudela. Mundu mailako hiri- eta landa-eremuen artean ere teknologiarako sarbide-arrakala hautematen da; hiriguneetako biztanleek Internet erabiltzeko probabilitate bikoitza dute landa-eremuetakoek baino (hiriko biz- tanleen % 76 eta landa-eremuetakoen % 39). Azkenik, munduko eskualde guztietan belaunaldien arteko arrakala nabaria da; izan ere, 15 eta 24 urte bitarteko munduko biztanleen % 71k erabiltzen du Internet, eta gainerako adin-taldeetan, berriz, % 57k.
Gainera, telemedikuntza osagarri bat da osasun-sistemetan; baina, zalantzarik gabe, ez da garrantzitsuena kontuan hartzen badugu herrialde askotan oraindik ez dutela osasun-sistema publiko indartsurik behar adinako azpiegitura eta giza baliabideekin. Hortaz, telemedikuntza osasun global eta intersekzionalaren ikuspegitik aztertzean, ezinbestekoa da faktore horiek guztiak eta desparekotasun ardatzen elkargunea kontuan hartzea, osasun-sistema publikoetan aurrerapen teknologikoak egin bitartean honako hauek bermatzeko: ekitatea, kalitatea, estaldura eta sarbide unibertsala, ingurumen-iraunkortasuna, osasun-datuen konfidentzialtasuna eta gizarte-justizia.
Garapen Jasangarriaren 9. Helburua (4) eremu kalteberetako berrikuntzara eta azpiegiturara bideratuta dago. Honek, osasun-sistemara ekarrita, komunikazioetarako eta telemedikuntzarako eskubidea bermatzea ekarriko luke, osasun-arreta hobetzeko tresna berritzaile eta erabilgarri gisa hartuta.
Teknologien erabilera esponentzialki hasi zen COVID-19aren pandemiarekin (6). Egoera epidemiologikoaren ondorioz, mundu mailako osasun-sistemek oso epe laburrean goitik behera berrantolatu behar izan zuten asistentziaren kudeaketa eredua. Pandemiaren lehen uneetako antolamendu-aldaketetarako, OMEk telemedikuntza proposatu zuen asistentzia- maila eta tresna desberdinetan SARS-CoV2a transmititzeko eta kutsatzeko arriskua murrizteko neurri gisa, eta pandemiak eragindako kutsatzeak-prebenitzeko eta isolamendurako ezohiko egoerei erantzuteko (7).
Telemedikuntzak SARS-CoV2 bidez kutsatzeko arriskua murrizten lagundu zuen; baina, ezin da ahaztu Internetera sarbide desparekoak eragin zituela eten digitalak, bereziki pandemia garaian, eta hau desberdinkeriaren azal berria bilakatu daitekeela, desabantaila sozial eta ekonomikoak indartuta, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) adierazi zuen bezala.
Telemedikuntzaren ezarpenak kezka sortu du osasun-sistemetan egun eta etorkizunean eragingo dituen ondorioengatik, zeinak pandemia baino lehen ere agerian geratu baitziren. Arrisku hauek arretaren segurtasun eta kalitateari (8), irisgarritasunari eta ekitateari (9) eta zaintzari eta enpatiari (10) lotuta daude. Aipatutako alderdi negatiboen artean, aurretiko zenbait azterketek (11) egiaztatu zuten adineko pertsonei entzumen-defizitak eta teknologiekin arazoak izateak antsietatea eragiten diela. Profesionalen artean arrisku mediku-legal handiagoa azaleratu zuten, konfidentzialtasunaren balizko babesgabetasuna eta ekitate falta gizarte talde zaurgarriak artatzerako orduan (12). Nolanahi ere, telemedikuntzak baditu bere abantailak, esaterako, birusa transmititzeko arriskua murriztea eta itxarote- eta lekualdatze-denborak azkartzea eta murriztea, landa-eremuetan batez ere (13). Pandemia hasi zenetik ikerketa ugari egin dira nazioartean asistentzia-modalitatearen aldaketa horren inguruan (14-16). Bereziki interesgarriak dira aldaketa horrek ekitatean eta irisgarritasunean izan dituen eraginak aztertzen dituztenak (17-19) eta telemedikuntzaren erabileran printzipio etikoak txertatzearen garrantzia azpimarratzen dutenak (20).
Osasun-sistema publiko guztien oinarria estaldura eta sarbide unibertsaleko Lehen Mailako Arreta (LM) da edo izan beharko litzateke (21). OMEk baliabide ertain eta txikiko herrialdeetan LM sistemak ezartzeko duen esparru operatiboan telemedikuntza beste tresna operatibo bat bezala hartzen du. Edonola ere, giza baliabideak, azpiegiturak, kalitatezko arreta, estaldura unibertsala eta herritar guztientzako sarbidea lehenestearen garrantzia azpimarratzen du. Hori dela eta, funtsezkoa da lehen arreta-mailan telemedikuntza ezartzeko oinarrizko printzipioei eustea; hau da, ekitateari, kalitateari, longitudinalitateari eta asistentzia-mailen arteko koordinazioari (23). Funtsezko elementu horiek telemedikuntzaren ezarpenean mantentzen direla ziurtatzeko, garrantzitsua da kontuan hartzea be reziki inplikatuta dauden eragileen pertzepzio eta esperientziak, hau da, pazienteena (24) eta osasun-profesionalena (25). Gainera, asistentzia-maila desberdinetako profesionalen eta osasun-gerentziaren arteko komunikazio ona funtsezkoa da telemedikuntzaren inplementazio mailakatua, adostua eta parte-hartzailea ziurtatzeko.
Pandemian telemedikuntza erabiltzeak zaintza alderantzikatuaren legea eragin du, patologia gutxiago dituztenei gehiago lagundu baitie.
Espainiar estatuaren testuinguruan, biztanleria-kolektibo batzuk arretarik gabe geratu dira LMan betiereko inbertsio faltaren eta pandemiari aurre egiteko plangintzarik eta baliabide nahikorik gabeko osasun-kudeaketaren eraginez(26). Pandemian LMn telekontsultak ezartzeak, kutsatzeko arriskua murriztu arren, ez du beti lagundu gehien behar zuten pertsonak artatzen. Azterlan batzuek (27-29) baieztatu dute pandemian zehar oztopo teknologikoak egon direla LMrako sarbidean. Pertsona batzuek adina, hizkuntza edo aniztasun funtzionala medio, oztopoak aurkitu dituzte. Gainera, askotan “zaintza alderantzikatuaren legea” gertatu da, baliabide horretara sarbidea izan dutenak pertsona gazteak eta gaixotasun-karga gutxikoak izan direnean (30).
Horregatik guztiagatik, telemedikuntza ekitatean inplementatzeko -bai hegoaldean eta bade globalean-, ezinbestekoa da sarbide unibertsaleko lehen mailako arretako sistemak indartzen jarraitzea (31) eta adinagatiko, sexuagatiko edo kokapen geografikoagatiko arrakala digitalak gainditzea. Baina, bermatu behar da ez dela inor atzean geratuko eta ez direla desberdinkeriaren azal berria bilakatuko (4), baizik eta osasun-sistemarako sarbidea hobetzeko tresna bat izango direla.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) finantza-laguntzarekin argitaratutako artikulua.Bere edukiak ez du zertan AECIDen jarrera islatu
PDF artikulua jaitsi
