“Osasuna eta Politika. Eraginaren eta zaintzaren rola osasunerako eskubidearen defentsan” topaketaren laburpena

2019ko ekainaren 26an medicusmundik eta Osekik antolaturiko “Osasuna eta Politika. Eraginaren eta zaintzaren rola osasunerako eskubidearen defentsan” jardunaldia egin zen. Arretagune nagusia osasun-arloan desparekotasunak eragiten dituzten determinatzaile sozialak izan ziren. Jardunaldiaren bidez, hainbat ekimen eta eragile ezagutarazi ziren, ezagutza, tresnak eta estrategiak sortzen lan egiten dutenak, determinatzaile sozial horiek ikusgai jartzeko, desparekotasunak gutxitzeko eta osasunerako eskubidea defendatzeko.

Hona hemen hiltzaldien laburpena bat.

Osasun-arloko desparekotasun sozialak gutxitzeko politikak eta esku-hartzeak

Gloria Pérez, Bartzelonako Osasun Publikoko Agentzia

Jardunaldiaren irekierako hitzaldia Bartzelonako Osasun Publikoko Agentziako Gloria Pérezek eman zuen. Osasun publikoko mediku espezialista da, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du. Hitzaldiak osasun-arloko desparekotasunen ebidentzia izateko garrantzian jarri zuen arreta, politikak ezartzeko eta lurraldean esku hartzeko.

“Pertsonak jaio, bizi, lanean aritu eta zahartzen diren zirkunstantziak ez dira berdinak guztientzat, boterearen eta baliabideen banaketaren mende daude”, azaldu zuen Gloria Pérezek. Determinatzaile sozial horiek “desparekotasun bidegabe eta saihesgarriak dira”, eta osasunari era sistematikoan eragiten diote, pertsonaren maila sozioekonomikoaren arabera.

Osasunaren determinatzaile sozialen atzean, badago esparru kontzeptual teoriko bat, eta, Pérezek zioen bezala, hura analizatzea ezinbestekoa da, desparekotasunak gutxitzeko xedea duten ekintzak abian jarri baino lehen. Osasun publikoan adituak, lehenik, egiturazko determinatzaileak hartu zituen hizpide, hala nola testuinguru sozioekonomiko eta politikoa eta populazioa estratifikatzen dituzten desparekotasun-ardatzak: gizarte-klasea, generoa, etnia, adina edo bizi diren lurraldea. Baldintzatzaile horiek bai osasun-zerbitzuak erabiltzeko aukerari, bai pertsonen osasunari berari eragiten diete. Testuinguru hori abiapuntu, badira beste determinatzaile batzuk ere, desparekotasunak eta osasun-baldintza okerragoak sortzen dituztenak, hala nola enplegua, egoera ekonomikoa, zaintzaren karga edo etxebizitza. “Osasun-zerbitzuak determinatzaile bat dira, baina ez bakarra, eta gainerakoetan ere esku hartu behar da, herritarren osasuna hobetu nahi badugu”, azaldu zuen.

Osasunaren zaintza

Gloria Pérezek adibide batzuk eman zituen, pertsonen egoera ekonomiko eta sozialak osasun-adierazleei zuzenean eragiten dien moduari buruz. Datuek agertzen dutenez, egoera sendoagoan dauden pertsonek aukera gutxiago dute osasun mentaleko arazoak izateko. Bartzelonan, sufrimendu psikologikoa izateko arriskuari dagokionez, goi-kualifikazioko lanak dituzten gizonen arriskua % 9’6koa da, eta kualifikazio gabeko gizonezko langile batena, aldiz, % 21ekoa. Emakumeen artean, zifra horiek % 11’3 eta % 28’8 dira, hurrenez hurren. Desparekotasun horiek, gainera, handituz joan dira azken hamarkadan.

Bada beste adierazle bat, determinatzaile sozialek osasunean duten inpaktua islatzen duena, bizi-itxaropena, alegia; hain zuzen ere, alde nabarmenak ikus daitezke bizilekuaren arabera. Bartzelonako Osasun Publikoko Agentziak bildutako datuen arabera, Sarrià – Sant Gervasi barrutian, hau da, hiriko barruti aberatsenetako batean, bizi-itxaropena 86 urtekoa da, eta Nou Barris barrutian, aldiz, 75 urteraino jaisten da. “11 bizitza-urte galtzen ditugu Bartzelonako metroko linea berdez joanda”, esan zuen Pérezek.

Nola esku hartu?

Osasun publikoan adituak azaldu zuenez, osasuneko ekitateak esan nahi du “ahalik eta osasun-potentzialik handienera iristeko ahalmena, pertsona edozein talde sozialetakoa izanda ere”. Esku hartzeko estrategien artean, Osasun Publikoko Agentziak Unibertsalismo proportzionala hautatzen du: oro har, herritar guztientzat dihardu, baina era desberdinean talde sozialaren arabera. “Osasun-arloko gradiente sozialaren malda gutxitzeko, ekintzek unibertsalak izan behar dute, baina desabantaila-mailarekiko proportzionala den intentsitate batean”.

Hitzaldiaren azken zatian, Gloria Pérezek agentzian aurrera eramandako proiektuez jardun zuen. Testuinguruaren analisiaren arloan, 2007an Urban Heart jarri zuten abian, desparekotasun sozioekonomikoak zein osasun-desparekotasunak auzoka aztertzeko tresna bat, behar handienekoak atzemateko xedez. Metodologia hori OMEren proposamen batean oinarrituz egokitu zuten, eta aukera eman zien arazo gehien zituzten auzoak identifikatzeko, gero osasun-politiketan lehentasuna emate aldera.

Osasun komunitarioko estrategia bat

Analisi hori oinarri, Salut als Barris abiarazi zen, 25 auzo behartsuenetan. Planaren funtzionamendua da aliantzak ezartzea lurraldean lehendik badauden talde komunitario eragileekin, osasun-arloan dituzten beharrizanak eta aktiboak zein diren jakitea, eta horren araberako esku-hartzeak diseinatzea. 2018. urtean, 183 esku-hartze egin ziren 25 auzoetan, eta 13.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Beste jarduera batzuen artean, familia-trebetasunen, aisialdi osasuntsuaren eta eskolako osasun-sustapenaren inguruko programak eta pertsonen osasun fisiko eta mentala hobetzeko ekintzak zeuden.

Gaur egun, Bartzelonako Osasun Publikoko Agentziak Desparekotasunei aurre egiteko plana du abian, eta haren helburua da agentzian hobekuntza-multzo bat proposatzea, bertan lan egiten duten pertsonen parte-hartzearen bidez. “Horri esker, desparekotasun sozialei aurre egitean zer defizit dauden jakin da”, eman zuen aditzera Gloria Pérezek.

Azkenik, osasun publikoan adituak ondorio gisa nabarmendu zuen populazioaren beharrizanak sakon ezagutu behar direla eta ebidentzian oinarrituriko metodologia bat erabili behar dela osasun-arloko determinatzaile sozialak ikusarazteko. Aurretiazko pauso hori ezinbestekoa da, osasun-arloko desparekotasunak gutxitzeko moduko esku-hartze batzuk diseinatzeko.

 

Osasunaren determinatzaile sozialen determinatzaile politikoak: epidemiologia politikoa

Carlos Álvarez-Dardet, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoan katedraduna eta Politika Publikoen eta Osasunaren Behatokiko zuzendaria.

Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoan katedradunak, hitzaldia hasteko, nabarmendu zuen osasunaren defentsa lanbide sanitarioen berezko eginkizunetako bat dela. “Politikoengan eragina izaten saiatzea, etikoa ez ezik, betebeharra ere bada, osasuna hobetzeko gure lanaren barruan”, eman zuen aditzera Álvarez-Dardetek, “are gehiago kontrako lanean ari diren taldeak daudelarik”; azken horren adibidetzat, tabakoaren industria, industria farmazeutikoa edo elikagai-industria eman zituen. Hizlariaren arabera, lobby-lana etikoa da, baldin eta demokratikoa eta gardena bada. Ildo horretan, J.Frenken txostena eman zuen erreferentziatzat, Lancet-en argitaratua 2010. urtean; txosten horretan, osasunaren defentsa lanbide sanitarioen eginkizuntzat jotzen zen, gainerako beste eginkizunen artean.

Álvarez-Dardeten hitzetan, epidemiologia politikoa da “botere politikoaren mendeko erakundeek hartu dituzten –edo ez dituzten– erabakiek osasun-arloan eragindako ondorioak aztertzea”. Epidemiologia kontzeptuaren ikuspegi zabal batetik abiatzen da, “herriari gainera datorkiona” dela ulertuta, eta bideratuta dago populazioaren osasun-adierazleetan politika zehatzek dituzten inpaktuak datuetan oinarrituz analizatzera. “Politika presente dago plano kontzeptualean, baina ez dago prozesu politikoetara sartzeko puntu estrategikorik”, jakinarazi zuen katedradunak.

Carlos Álvarez-Dardetek behatokian orain arte egin dituzten azterketetako batzuk erakutsi zituen. Horietako batek demokraziak populazioaren osasunean duen eragina aztertu zuen, eta inpaktu positiboa baduela frogatzen zuen. Lurralde demokratikoetan, herritarrek bizi-itxaropen luzeagoa dute, eta haurren nahiz amen heriotza-tasaren ehunekoa txikiagoa da.

Beste ikerketa baten gaia Milurtekoko Helburuak lortzearen determinatzaile politikoak izan zen. Osasunari loturiko adierazleak aztertu zituzten, hala nola muturreko pobrezia, haurren heriotza-tasa eta amen osasuna, eta horiek politika makroekonomikoekin zuten korrelazioa. “Datuek frogatzen dute estatuaren tamaina erlatiboak, herrialdearen barneko aberastasun-banaketak eta joera politiko globalek berebiziko eragina izaten dutela osasun-adierazleetan”, eman zuen aditzera Osasun Publikoan katedradunak. Politikek osasun-arazoak larriagotu edo gutxitu egin ditzakete; hortaz, “osasunaren determinatzaileen determinatzaileak dira”.

Álvarez-Dardetek esan zuenez, hobetzeko esparru zabala dago osasun-sistema publikoetan, baina haietatik kanpo ere badago osasuna ugari. Azaldu zuenaren arabera, osasun-politikak izan daitezke zuzenekoak (osasun-sektorean sortuak), zeharkakoak (osasun-erakundeetatik kanpo sortuak, baina osasunean inpaktu argia dutenak, trafikoa edo nutrizioa kasu), eta asmorik gabeko osasun-politikoak. Azken horien helburuak osasunetik oso urrun daude, baina inpaktua eragiten dute osasunean, ustekabean bada ere. Horren adibide dira ekonomia-garapenerako politikak. “Epidemiologiaren eginkizuna da asmorik gabeko osasun-politiken eta eragiten duten inpaktuaren arteko loturak agerian jartzea”, azaldu zuen hizlariak, “eta ematen dituen datuek nazioartean konparatzeko modukoak izan behar dute, bai eta ulergarriak ere, bai arduradun politikoentzat, bai iritzi-liderrentzat eta jendearentzat oro har”.

Politikek osasunean zuzeneko ondorioak izaten dituztela erakusteko, Politika Publikoen eta Osasunaren Behatokiko zuzendariak azaldu zuen zer korrelazio egon zen 80ko hamarkadan Margaret Thatcherrek eta Ronald Reaganek bultzatutako iraultza neoliberalaren eta Milurtekoko Helburuak ez betetzearen artean. Herrialde pobreetan estatuaren tamaina murriztearekin batera, osasunari loturiko adierazleek espektatibak betetzeari utzi zioten.

Álvarez-Dardetek aditzera eman zuenez, orain bigarren iraultza neoliberal bat dago, eta haren asmoa da herrialde aberatsetako estatuaren tamaina murriztea, Europan bereziki. Horren aurrean, epidemiologia politikoa informazio baliagarria ekoizten ahalegintzen da, “politikak, praktika profesionalak eta jokabideak aldatzeko”, osasuna defendatzeko helburuz.

 

 Esperientzia-mahaia: osasunerako eskubidearen defentsa

Jardunaldiaren azken zatian, osasunerako eskubidearen defentsarako eraginera, zaintzara eta ezagutza-sorkuntzara bideraturiko proiektuak, estrategiak eta programak partekatu ziren. Mahaian, hainbat arlotako sei ekimenen ordezkariek parte hartu zuten: estatukoak –Euskadiko eta Asturiasko kasuekin–, Europakoak zein nazioartekoak (El Salvador).

Euskadi, osasuna Jaurlaritzaren politiketan txertatzea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Menpekotasunen Zuzendaritzako Elena Aldasorok egin zuen lehen aurkezpena, eta gero berak mahaia dinamizatu ere egin zuen. Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoan adituak, Eusko Jaurlaritzaren politiketan osasunaren ikuspegia txertatze aldera, aurrera eraman diren ikerketa-ekintzako ekimenetako batzuk azaldu zituen.

Aldasorok aditzera eman zuenez, “osasunari heltzeko modua oso desberdina da kontzeptualizatzen den ereduaren arabera: biomedikoa edota soziala”. Ikuspegi horiek oso argi islatzen dira osasuna hobetzeko aholkuetan. Eredu biomedikoan, ez erretzea, dieta orekatua izatea edo alkoholik ez edatea izaten dira gomendioak; eta ikuspegi sozialetik, ordea, gomendagarriena da pobrea ez izatea, eta lan-baldintza onak nahiz etxebizitza duina izatea, beste faktore batzuen artean.

“Osasuneko aholku horiek guztiak ez daude erabaki indibidualei lotuta, gobernuek egiten dituzten politikoei baizik”, baieztatu zuen Elena Aldasorok, “ikuspegi biomedikoak osasunean eragina duten faktore batzuk ahazten ditu, alegia, bizi-baldintzekin, ingurune sozialarekin eta testuinguru politiko-ekonomikarekin zerikusia dutenak”. Euskadin, osasunaren determinatzaile sozialek oso datu esanguratsuak ematen dituzte, besteak beste, bizi-itxaropenarenak: Algortatik Bilbo Zaharrera, arrakala 8’3 urtekoa ere bada.

Ikuspegi sozial horretatik, OPG sortu zen, Osasuna Politika Guztietan estrategia, Sailak bultzatuta. Estrategia hori erabaki politikoek osasunaren gainean dituzten ondorioak modu sistematikoan kontuan hartzean datza, populazioaren osasuna eta ekitatea hobetzeko helburuz. OPG estrategiaren lan-oinarriak osasunaren determinatzaile sozialak, ebidentzia zientifikoa, gobernantza eta sektorearteko ekintza dira.

Elena Aldasorok lanerako erabiltzen dituzten bi tresna aurkeztu zituen: Osasunaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa (OEE), eta Osasunaren Lentearen Analisia (OLA). Lehenak balio du jarduera politiko batek populazioaren osasunaren gainera dakartzan ondorioak ebaluatzeko. Lantaldearen ikerketako batek OEEaz baliatu zen Eusko Jaurlaritzaren 14 politika ebaluatzeko tresnatzat, eta horri esker hobetzeko gomendioak egin ahal izan ziren.

Bestalde, OLAren xede nagusia da osasun-arlokoak ez diren politikek osasunean eta ekitatean duten eragina identifikatzea, eta gomendioak egitea ondorio positiboak maximizatzeko. Tresna hau Eusko Jaurlaritzaren IV. Ingurumen Esparru Programan aplikatu zen, eta horren emaitza gomendio batzuk izan ziren, ingurumenaren arlokoak, kasu honetan.

Osasuneko Politika Publikoen Behatokia, El Salvador.

Osasuneko Politika Publikoen Behatokia (OPPS) Latinoamerikako hainbat unibertsitatek eta erakundek osaturiko proiektu bat da, eta, horiez gain, Alacanteko eta Libanoko Unibertsitateek ere parte hartzen dute. Erakundea El Salvadorren sortu zen, 2000. urtean, politika publikoen eta osasunaren arloko ikerketan, prestakuntzan eta aholkularitzan zentraturik. Medicusmundiren Osasuna eta Politika jardunaldian, Ricardo Mirandak behatoki horren helburuak eta lana azaldu zituen.

“Politika publikoak ez dira neutroak, mundua ulertzeko modu bati dagozkio ”, esan zuen Mirandak, “talde jakin batzuen interesak txertaturik badituzte, orduan beharrezkoa da behatoki bat egotea, politika horien formulazioa, egikaritzea eta ebaluazioa monitorizatuko dituena”. OPPSren misioa da ebidentzia zientifikoan oinarrituriko ezagutza sortzea, herritarrek osasunerako eskubidearen defentsan erabili ahal izateko.

Behatokiak arlo akademikoa eta politikak erlazionatzen ditu, “ezagutza sortu eta hura gizarteari helarazteko” helburuz, eta ikuspegi horrekin hainbat ikerketa egin ditu. Eragin handieneko bat Determinación de la disponibilidad y precios de medicamentos esenciales en El Salvador (2006) izan zen; izan ere, tresnatzat balio izan zuen, sendagaiak eskuragarriak izan zitezen, herritarrak aurrera eramaten ari ziren borroka indartzeko.

El Salvadorren, errekor tamalgarri gisa, munduko sendagai-preziorik garestienak zeuden, erreferentziazko prezioa baino 52 aldiz handiagoa, hain zuzen. OPPSk egindako azterlanak balio izan zuen ezagutza sortzeko prezio horiek ezartzen ziren moduaren inguruan, zergatien inguruan nahiz inplikaturik zeuden eragileen inguruan. Informazio hori erabilgarria izan zen prezio bidezkoago batzuen alde jada borrokan ari ziren mugimenduei ebidentziak emateko, eta azkenik, 2012an, El Salvadorren sendagaiak eskuratzeko eskubideari buruzko lege bat onartu zen.

Ricardo Mirandak aditzera eman zuenez, Behatokiaren eginkizunean orobat sartzen da, ezagutza sortzeaz gain, osasun publikoari lotutako ikertzaileak eta profesionalak prestatzea, ikerketa hori errazteko teknologia gara dadin sustatzea, eta proposamen politikoak formulatzea.

Arlo akademikoaren rola osasunerako eskubidearen defentsan

El Salvadorko gobernuan osasuneko ministrordea izandako Eduardo Espinozak ere parte hartu zuen esperientzia-mahaian, Latinoamerikako Medikuntza Sozialaren Elkartearen izenean (ALAMES). “Osasunerako giza eskubideak bi elementu ditu, eskubidearen titularra, hots, herritarrak, eta eskubidearen bermatzailea, Estatua”, azaldu zuen, “abiapuntu horretatik, egin behar dugun galdera da ea nola bermatu behar duen Estatuak eskubide hori eta nola aldarrikatu behar duen gizarteak”.

Espinozaren hitzaldiaren gai nagusia arlo akademikoak eskubide horren aldarrikapenean izan beharreko rola izan zen, ebidentzia zientifikoren eta ezagutza kritikoaren iturri gisa. Medikuntzan doktoreak azaldu zuen borrokak behar duela, batetik, antolakuntza komunitario sendo eta independente bat, herritarrak mobilizatzen dituena, eta gorputz akademiko bat, bestetik, herriaren aldarrikapenei oinarriak emateko behar den ebidentzia sortzen duena. “Ikerketek ez dute izateko arrazoirik, harik eta politika publiko bat eragin arte”, baieztatu zuen, “mobilizazio sozialerako tresnak sustatzen saiatzen gara”.

Espinozak El Salvadorren sendagaiekin gertatutako kasua ere aipatu zuen; hain zuzen ere, politika berria lortu zen, Osasunaren Pribatizazioaren aurkako Herritar Aliantzaren urteetako borrokari esker. Aditzera eman zuenez, osasun-arloko ikerketa akademikoak ez du ikertzen bakarrik jardun behar, norabide argi bat izan behar du, “osasunerako eskubidearen defentsara, ekitatera eta eskubide horrek gainean dituen mehatxuen identifikaziora” bideratua.

Osasunean Ahultasun-egoerak Gutxitzeko Europako Sarea, Munduko Medikuak

Munduko Medikuak Euskadiko Josu Abadek Europako ikuspegia ekarri zuen, osasun-zerbitzuak erabiltzeko dauden desparekotasunen aldetik. GKEko boluntarioak topaketak Personas Excluidas, el fracaso de la cobertura sanitaria universal en Europa Behatokiaren 2017ko txostenaren emaitzak aurkeztu zituen. Munduko Medikuetako European Network to reduce vulnerabilities in Health sareak egin zuen azterlana, eta Europako 14 herrialdetan zerbitzu soziosanitarioak erabiltzean dauden arrakalak aztertzen ditu. “Osasun-sistemetatik baztertutako pertsonen argazki bat da, desparekotasunen gainean argi egiteko asmoz egina, eta osasun-sistema ekitatiboagoak lortzeko eragin politikoa elikatzeko xedez.

Europako sarearen txostenean jasotzen denez, Europako osasun-sistemak ez dira pertsona marjinatuenak artatzen ari. Argitalpena osatzeko oinarritzat, Europako 14 herrialdetan erakundera jotzen duten 43.000 pazienteri egindako elkarrizketak hartu dira. Paziente horien artean, badira herrialdeko bertako nazionalitatea dutenak nahiz migranteak, bai EBko herrialdeetakoak, bai EBtik kanpokoak.

Argitalpenaren arabera, Munduko Medikuengana jotzen duten pertsonen % 55ek ez du inolako osasun-laguntzarik, eta %18k larrialdietara baino ezin du jo. Halaber, pertsona horietatik, % 89 pobrezia-mugaren azpitik dago, ia laurden batek ez du etxerik, eta % 22 adin txikikoa da. Osasun-zerbitzu publikoak erabiltzeko aurkitzen dituzten oztopoei dagokienez, oztopo ekonomikoak, administratiboak, ezjakintasuna eta beldurra dira nagusiak.

Josu Abadek azaldu zuen txosteneko zifrek atzerakada erakusten dutela osasun-laguntzan, “Europan badira osasun-zerbitzuetatik bazterturik dauden pertsonak, eta estaldura unibertsaletik urruntzen ari gara”. Azkenik, txostenak hau nabarmentzen du: “pertsona guztiek osasun-estaldura erabiltzeko aukera ekitatiboa izan behar dute, haien migrazio-egoera edo haien baliabide ekonomikoak gorabehera. Estaldura unibertsalera iristeko, osasun-zerbitzuek erabilgarri egon behar dute, eta eskuragarriak, onargarriak eta kalitatedunak izan”.

Asturiasko Osasunaren Behatokia

Asturiasko Osasunaren Behatokiko teknikari Oscar Suárezek, bere hitzaldian, Asturiasko Gobernuko Osasun Saileko erakunde publiko horrek aurrera eramaten ari den estrategia eta ekimenak partekatu zituen. Osasunaren Behatokia 2011. urtean sortu zen, Wisconsingo Unibertsitatearen Population Health Institute delakoaren laguntzarekin, haren eredua tokiko errealitatera egokituta. Hasieratik, helburua izan zen osasunaren determinatzaile sozialak hobetzeko estrategiak zehaztea.

“Bi arlotan lan egiten dugu: osasunaren determinatzaile sozialei buruzko informazio epidemiologikoa ekoizten dugu, eta argazki hori osatzen dugu komunitatean dauden eta sustatu behar ditugun baliabide eta aktiboekin”, azaldu zuen Oscar Suárezek. Lehen arlo horri dagokionez, 2013az geroztik, Behatokiak Osasun Rankinga egiten du, eta bertan Asturiasko 78 kontzejuak analizatzen dira, 26 adierazle aintzat hartuz. “Asko agertzen da prentsan, eta sarbidea izan da beste proiektu batzuk garatzeko eta tokiko hainbat ekintza mobilizatzeko”, eman zuen aditzera Behatokiko teknikariak.

Bigarren lan-ardatza Asturiasko udalerrietan badauden osasun-aktiboak identifikatzea da, eta toki-mailan gertatzen diren esperientzia komunitarioak ere biltzea. Sortutako datu-base batean osasun-arloan dauden jarduera eta baliabideak jasotzen dira; 2012az geroztik, estatu-mailan ere lan egiten hasi zen. Egun 10.000 aktibo dauzka erregistratuta, eta haietatik 2.000 Asturiasen daude.

Esku-hartze komunitarioetan ekitate-ikuspegia sartze aldera, Behatokiak zenbait tresna bereganatu ditu. Batetik, Osasunaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak garatua. Bestetik, Asturiasen osasun komunitarioa lantzeko gida, lehen mailako arretan begirada komunitarioa txertatzen saiatzen den argitalpen bat.

Horrez gain, 2015az geroztik, erakundeak Osasuneko Toki Gobernantzako Sistemak dauzka abian. Estrategia hori herritarrek osasunaren inguruko arazoetan  parte har dezaten bultzatzean datza, tokiko talde koordinatu batzuen bidez. Halako taldeetan, osasun-erakundeak, udal-ordezkariak, eragile sozialak eta herritarrak daude. “Espazioak sortzen ditugu pertsona guztiek elkarrekin lan egiteko eta beharrizanak identifikatzeko”, azaldu zuen Oscar Suárezek, “eta halakoak aurreko guztiaren emaitza diren ekintza zehatz batzuetan mamitzen dira”.

Esperientziak osasunerako eskubidearen defentsarako eraginean, zaintzan eta ezagutza-sorkuntzan, FADSP

Jardunaldiko azken hitzaldia Marciano Sánchez Baylek eman zuen, Osasun Publikoaren aldeko Elkarteen Federazioko (FADSP) bozeramaileak. Erakunde horrek 38 urte daramatza lanean, 4 ardatz aintzat hartuta: osasun-arloko esku-hartze politikoa; iritzi publikoaren eta profesionalaren gaineko eragina; ikuspegi zientifiko-teknikoa; eta nazioarteko aliantzak. Haren eginkizun nagusietako bat ezagutza-sorkuntza da, eta ezagutza hori zabaltzen da bai haren aldizkari propioaren bidez (Salud 2000), bai argitalpen zientifikoetan, sare sozialetan, egunkarietan eta jardunaldi edo mintegietan. “Gai asko lantzen ditugu, baina ikuspegia beti osasun-arloko desparekotasunena da”, jakinarazi zuen Marciano Sánchezek.

“Argi dugu osasun-sistema arriskuan dagoela eta hainbat pertsona baztertuta daudela sendagaiak ordaindu ezin ditzaketelako edo itxarote-zerrenda amaiezinetan daudelako”. Medikuntzan doktoreak azaldu zuenez, herrialdean gorantz doa osasun-sistemaren pribatizazioa, eta horren aurrean “profesionalekin lan egin behar da eta politika horien ondorioak aditzera eman behar zaizkie”.

FADSPko bozeramaileak mezu optimista eman zuen osasunaren pribatizazioaren aurka egiten diren mobilizazio sozialen boterearen inguruan. Hitzaldian adierazi zuenez, herritarren eta profesionalen protestek proiektu asko geldiaraztea lortu dute estatuan, hala nola 6 ospitale eta 27 osasun-zentroren pribatizazioa Madrilen, eta 4 ospitalerena Gaztela-Mantxan; halaber, osasun-garraioaren koordainketa bertan behera uztea lortu dute, edo etengabeko arretako guneak berriz irekitzea, zenbait autonomia-erkidegotan.

Sánchezek irakaspen batzuk partekatu zituen: “mobilizazioek inklusiboak izan behar dute, eta aniztasuna errespetatu, mundu guztiak erreferentziaturik sentitzeko moduan”, azaldu zuen, “borroka-fronte guztiak besarkatu behar ditugu, eta profesionalak eta gizartea elkartu, ezinbesteko binomioa delako hori”. Azkenik, datu positibo bat nabarmendu zuen, “Espainiako biztanleriaren % 70ek uste du osasuna dela Estatuak eman beharreko zerbait; jende gehien-gehienaren aldeko zerbait defendatzen dugu, eta hori aprobetxatu egin behar da”.

Topaketan parte hartu zuten erakunde eta profesional guztien jarrera argi batekin itxi zen jardunaldia: eragileen eta GGKE-en rola garrantzitsua da osasunerako eskubidea defendatzeko eragin politikoan, eta rol horretan ezinbestekoa da osasunaren determinatzaile sozialak ikusgai jarri eta desagerraraz daitezen borrokatzea, besteak beste: Gertatzen ari diren aldaketan aurrean, borrokatu, zaindu eta politiketan eragin behar dugu, gizarte zibilarekin batera lan eginez guztion osasunerako eskubidea defendatzeko.