Zerga-politika eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Isabel Mosquera

Osasunaren Mundu Erakundean (OME) eratutako Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordearen esparru kontzeptualean, zerga-politika da osasunaren egiturazko determinatzaileetako bat (1). Estatu baten zerga-politika da Estatuak gastuen eta diru-sarreren gainean egiten duen kudeaketa, zergen eta gastu publikoaren gisako mekanismoak erabiliz (2).

Neurri fiskalak inplementatzea da Nazio Batuek proposatutako estrategietako bat bizitzeko inguru osasungarriak lortzeko, transmisiozkoak ez diren gaixotasunetarako arrisku-faktoreak murrizteari begira, dieta ez osasuntsua eta tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa, kasu (3). Oso zail egiten da aurreikustea zerga arloko esku-hartzeek eragiten duten inpaktua, dela diru-laguntzak emanez (prezioak jaitsi egiten dira) dela zergak ezarriz (prezioak igo egiten dira), askotariko herritar talde zein banakoak daudelako produktu eskaerak prezio aldaketaren arabera egiten dituztenak. Hori dela eta, zenbatespenetan oinarritzen da gaiari buruzko literatura gehien-gehiena (4).

Elikadura arloan, elikagai ez osasungarriak zergapetzeko neurriek, antza, modu esanguratsuan eragiten dute halako produktuen kontsumoan (5), gorakada nabaritzen delarik elikagai osasuntsuen kontsumoan eta gutxiago erosten direlarik koipean, sodioan eta azukrean aberatsak diren produktuak (6). Dietan, berriz, eragina nabarmenagoa da prezioak jaisten direnean igotzen direnean baino. EEBBetatik datorren ikerketa batek dioenez, fruta eta barazkietan prezioak %1ean jaitsiz gero, 6.700etik gora gaixotasun koronario gutxiago lirateke eta ia 3.000 iktus iskemiko  gutxiago (7). Alkoholaren kontuan, Kanadan egindako estimazioen arabera, edari alkoholdunen batez besteko prezioa %10 igoz gero gutxi gorabehera %9 gutxiago lirateke, handik bi urtera, alkoholaren kontsumo larriari eta kontsumo kronikoari egotz dakizkieken ospitaleratzeak (8).

Bestalde, osasunarekin lotutako jokabideetan dituzten zuzeneko efektuez gain, zerga-politikak zeharkako eragina izan dezake herritarren osasunean, diru-bilketa medio. Diru-bilketa hori, gainera, osasuna hobetzera zuzendutako gastuak igotzera bidera daiteke. Bildutako zergek, esate batera, transmisiozkoak ez diren gaixotasunak prebenitzeko esku-hartzeen finantzazioa ahalbidetu dezakete, osasunari lotutako karga eta gastu gutxiago ekarriko luketeelarik, horrela, gizartearentzat (6, 7, 8, 9). Zergak ezartzearen aurka emandako arrazoiak, besteak beste, zenbait produkturen (alkohola eta tabakoa) legez kanpoko trafikoak gora egingo duela eta horien izaera atzeragarria dira, hau da, proportzioan eragin handiagoa izan dezaketeela diru-sarrera gutxiagoko kontsumitzaileengan (9,10, 11).

Austeritate-politikak osasunean eragiten duten aurkako efektuekin lotu izan dira

Atzerapen ekonomikoen garaietan, batik bat, indarrean jarritako zerga-austeritateko politikak aztertuak eta eztabaidatuak izan dira osasunean (12, 14), osasunaren determinatzaile sozialetan (15, 16) eta osasun desberdintasunetan (17, 18) duten eraginagatik. Ildo horretan, austeritate-politikak osasunean eragiten duten aurkako efektuekin lotu izan dira, osasun estalduran dakartzaten murrizketengatik (19), osasun publikoan diren gastuengatik (adibidez, legez kanpoko drogen erabilera prebenitzeko eta tratatzeko programetan), kostua pazienteen bizkar jartzeagatik (anbulatorioko kontsulten kostua igota edo koordainketa farmazeutikoaren bitartez) edo baldintza sozioekonomikoetan okerrera egiteagatik (20). Horrez gain, esaten dute austeritate-politikek gehiago eragiten dutela populaziorik kalteberenean (18, 21, 22). Beste egile batzuen arabera, ordea, horrelako politikek ez omen dute izan oraindik aski denbora osasunean edo osasun arretan eragin izan dezaketen kaltea neurtzeko (23).

Edonola ere, badirudi ez dela erantzun errazik zerga-politikek osasunean nola eragiten duten aztertzeko. Osasunaren bitarteko determinatzaileetan, eta beraz, osasunean duten eragina asko aldatzen da herrialde batetik bestera eta, hein handi batean, horiek ezarri aurreko egoeraren mende egon ohi dira (16).

 

PDF artikulua jaitsi