Zer da osasunaren pribatizazioa?

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Unai Martín

Eztabaida luzea eragiten du “osasunaren pribatizazioa” terminoak. Gehien batean alderdi negatiboekin lotzen denez, eragile guztiak ez dira ados jartzen pribatizazioa zer den kontuari buruz. Hala, askotariko diskurtsu, definizio eta posizionamenduak biltzen dira hitz horren magalean, eta zenbaitetan elkarri aurka ere egiten diote.

Konplexutasun hori gorabehera, hala ere bada nolabaiteko adostasun bat pribatizazioa honako honetaz ari dela esateko: “aktibo edo ahalmen publiko bat sektore pribatura osorik edo zati batean transferitzea edo lekualdatzea, esparru publikoari zegokion ezein egiteko edo baliabide izan daitekeelarik” (1). Beraz, definizio horri jarraituz, esan dezakegu osasun arloan ere pribatizazio prozesuak ari direla garatzen osasun sistemaren hainbat alderditan.

Lehenik eta behin, pribatizazioa osasun gastuaren finantzazioan eman daiteke. Osasun arretatik eratorritako gastuak finantzatzeko moduarekin du horrek zerikusia, osasun zerbitzuak emateko eta osasuna zaintzetik eratorritako gastuak ordaintzeko baliabide ekonomikoen iturriarekin, zehatzago esateko. Finantzazio iturria izan daiteke publikoa, administrazio publikoek eskainia, edo izan daiteke pribatua, aseguru-enpresa pribatuen ekarpenen bidez edota zerbitzu horiek erostean erabiltzaileek egindako zuzeneko gastuen bidez. Hortaz, bada, osasun finantzazioan pribatizazioa gertatzen da administrazioek esparru pribatuaren esku uzten dutenean osasun zainketa finantzatzeko duten erantzukizuna.

Bigarrenik, osasun pribatizazioaren beste aldagai garrantzitsu bat osasun horniketaren pribatizazioa da, eta Espainiako estatuan, hain zuzen ere, azpimarratzeko moduko garapena izan du azken hamarkada hauetan. Diru publikoekin finantzatutako osasun zerbitzuak enpresa edo erakunde pribatuen bitartez hornitzen direnean gertatzen da hori. Espainiako estatuan araudi batzuk onartu ziren 1990. hamarkadan, osasun asistentzia finantzatzeko eta osasun asistentzia hornitzeko egitekoak banatzen zituztenak, eta ateak zabaldu zizkieten hornitzaile pribatuei osasun sistema publikoan hornitzaile gisa aritzeko. Hala, erakunde publiko bat arduratzen da –Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila– zerbitzuak erosteko eginkizunaz, eta hori egin daiteke hornitzaile publiko baten bidez –Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua, kasu–, baina baita enpresa pribatuen edo irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez ere.

Hirugarrenik, osasun pribatizazioaren beste formuletako batek osasunaren eta osasun politiken plangintzari egiten dio erreferentzia (2). Halakoetan, pribatizazio prozesu bat emango litzateke gobernuek enpresa pribatuen esku uzten badute osasun egoera aztertzeko, beharrak lehenesteko eta osasun sistemaren eta osasun politiken lehentasunak eta lerro estrategikoak ezartzeko duten erantzukizuna.

Azkenik, osasun asistentzian garrantzi handia duten zenbait alor, esate batera osasun prestakuntza eta ikerketa, pribatizazio prozesuek beregana ditzakete. Lehen kasuan, pribatizazioak unibertsitateko prestakuntzari (fakultatean eta praktika klinikoen bidez lortua) eragin diezaioke, eta baita prestakuntza espezializatuari eta etengabeko prestakuntzari ere. Osasun prestakuntzan logika pribatizatzaileei bide eman dakieke osasuneko profesionalen prestakuntza prozesuetan enpresa pribatuak parte hartzen eta eragiten dutenean, enpresa farmazeutikoen edo unibertsitate eta klinika pribatuen eskutik, kasu. Adibidez, hemengo testuinguruan ere industria farmazeutikoa da etengabeko osasun prestakuntzaren babesle nagusia, Europako beste herrialdeetan gertatzen den moduan.

Hainbat egilek estrategia integral sakonago baten baitan kokatzen dute pribatizazioa. Haien ustez, horren atzean ezkutatzen dena ongizate estatua eta zerbitzu publikoak kapitalaren interesen mende jartzeko berregituratze etengabea da

Aipatu alor horien eta bakoitzak pribatizazioa ulertzeko duen eraren osagarri modura, hainbat egilek estrategia integral sakonago baten baitan kokatzen dute pribatizazioa, antza, arestian aipatutako alderdi zehatz horietaz harago baitoa. Egile horien ustez, izan ere, horren atzean ezkutatzen dena ongizate estatua eta zerbitzu publikoak kapitalaren interesen mende jartzeko berregituratze etengabea da (3) (Ikus “Osasunaren Gobernantza eta Osasunaren Determinatzaile Komertzialak” kapitulua). Hortaz, bada, pribatizazio kontzeptua harago doa zenbaitetan, eta “merkantilizazio” kontzeptuarekin harreman estuan jartzen da (3). Azken kontzeptu hori oso erabilia da esparru publikoan, eta korapilatu egiten du pribatizazioari buruzko eztabaida. Esparru publikoan merkatu-irizpideak sartzeari deitzen zaio merkantilizazioa, eta berez ez badakar ere pribatizaziorik, horretarako bide ematen du, ordea (1). Zerbitzu publikoen efizientzia eta eraginkortasuna neurtzeko enpresa-irizpideak ezartzeari ere esaten zaio (4). Merkatu-irizpideek ez dute zertan guztiz bultzatu behar sektore publikoaren egiteko nahiz aktiboak pribatura transferitzea (5); azaldu izan denez, ordea, merkantilizazioa arduratzen da pribatizaziora bultzatuko dituen baldintza ekonomiko eta ideologikoak eta gizarte harremanetako baldintzak sortzeaz (6).

Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren arteko harremana begi bistakoa da. Dena dela, bereizi beharrean gara bi kontzeptuak, ez nahasteko. Hala, garrantzitsua da argi uztea osasun merkantilizazioa eman daitekela osasun pribatizazio prozesu garbirik gabe ere, eta osasun sistema publiko bat ere aritu daitekela osasun merkantilizazioaren eragile. Osasun ikuspegi eta tratamendu indibidual nola biomedikoa bultzatzen duten prozesu neoliberalek, esaterako, eragin diezaiokete osasun sistemari berari, prozesu horien sorrarazle bihurtuz. Adibide baterako, osasun sistema publikoak bizitzaren medikalizazio prozesuak susta ditzake, behar ez diren edo batere eraginkorrak ez diren tratamendu eta esku-hartze kopurua handituz.

 

PDF artikulua jaitsi