Zer arrisku dakartza osasunaren pribatizazioak?

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Anna Giné, Unai Martín

Osasun-pribatizazioak mehatxua dakarkio biztanleriaren osasunari, eta osasunerako irisgarritasunean izan beharreko ekitateari.

Azken hamarkadetan, osasun-pribatizazioko prozesuak areagotu egin dira Europako hainbat herrialdetan (1, 2), nahiz eta ez egon ebidentzia zientifikorik osasun-zerbitzuen kudeaketa eta hornidura publikoa eraginkortasun gutxiagokoa eta efizientzia gutxiagokoa denaren usteari eusteko (3, 4, 5, 6). Izan ere, osasun-pribatizazioak mehatxua dakarkio biztanleriaren osasunari, eta osasunerako irisgarritasunean izan beharreko ekitateari. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasun-arreta ekitatibo eta unibertsala lortzeko sektore publikoak duen garrantzia azpimarratzen du, foku nagusia lehen mailako arreta izanik, eta sektore publikotik finantzatzeak eta hornitzeak osasun-estalduraren unibertsaltasuna lortzeko zeregin garrantzitsua betetzen duela defendatzen du (7, 8).

Osasun-arloko pribatizazio-jardueraren arrisku nagusia, agian, haren finantzaketa pribatizatzearen ondorio da (pribatizazioaren definizio bat ikusteko, esteka honetan ikus daiteke: Zer da osasunaren pribatizazioa?); izan ere, finantzaketa pribatuko osasun-sistemek oztopoak sortzen dituzte osasun-arretarako sarbidean, eta horrek eragina izan dezake herritarren osasunean eta osasun-arloko desberdintasun sozialetan. Hainbat herrialdetan dokumentatu izan da nola osasun-sistemaren pribatizazioak desberdintasunak areagotu dituen sistemarako irisgarritasunean, batez ere biztanleriaren segmentu pobreenetan (9, 10, 11). Izan ere, finantzaketa pribatu handiko osasun-sistema bat duten herrialdeetan, pairatzen duenaren pobrezia eragingo duen elementu bihur daiteke gaixotasuna; gaixotasun baten diagnostikoa egitea, zehazki, familien zailtasun ekonomikoaren faktore nagusietako bat izan daiteke. Hori da, adibidez, AEBetan gertatzen dena, non familia-porroteko kasuen %60 baino gehiago arazo medikoekin loturik baitaude (12, 13). Gaixotasunaren eta pobreziaren arteko harreman estu hori, politika neoliberalek eta austeritate-politikek zuzentzen dituzten gizarte- eta osasun-sistemetan areagotzen dena (14), sakon aztertu izan da, eta Horwitz zirkulua bezala ezagutzen da. Zirkulu horrek agerian uzten du “gizonak eta emakumeak gaixotu egiten direla pobreak direlako, pobreago bihurtzen direla gaixo daudelako eta gaixoago bihurtzen direla pobreagoak direlako(15).

Kalitatezko osasun-sistema publikoa duten herrialdeetan, osasun-sistema pribatua handitzeak, dela finantzaketa handitzeagatik, dela aseguramendu pribatua handitzeagatik, ondorioak izan ditzake biztanleriaren osasunean eta haren gizarte-banaketan. Lehenik eta behin, osasun-sistema pribatuen presentzia areagotzeak osasuna gero eta gehiago negozio edo merkantzia bihurtzea dakar; izan ere, horien helburu nagusia etekinak lortzea da, normalean ekonomikoak. Deanen arabera (16), medikuntza negozio bat denez, osasun-profesionalek euren onuran oinarritutako erabakiak hartu ahal dituzte, pazienteen benetako premietan hartu ordez, proba, tratamendu eta/edo egintza mediko gehiago saldu edo fakturatzeko beharra sortuz. Horrek guztiak osasun-laguntzaren gehiegizko erabilera eragin dezake, bizitzaren medikalizazio handiagoa, eta ondorio negatibo garrantzitsuak izan ditzake, bai biztanleriaren osasunean, bai osasun-sarbidean. Osasun pribatuak bultzatutako esku-hartzeen eta proba diagnostikoen gehitze horrek ondorioak izan ditzake osasun-sistema publikoan ere. Alde batetik, eragin dezake herritarrek presio handiagoa egitea sistema publikoak bere praktika alda dezan, beti justifikatuta ez dauden esku-hartze edo proba diagnostiko gehiago egitearen alde (17). Gainera, eragina izan dezake herritarrek osasun-sistema publikoa eta, beraz, haren legitimitate soziala ebaluatzean, osasun publikoak halako praktikarik ez gauzatzeagatik.

Osasun-sistema pribatuek ere arriskuan jartzen dute sistema publikoaren iraunkortasuna, beste prozesu batzuen bidez. Lehenik eta behin, osasun-aseguru pribatu bat kontratatzeak onura fiskalak dakartzanean, Espainiako estatuan gertatzen den moduan, horrek galera dakar zerga-bilketan, ondorioak izan ditzake gero osasunean egiten den gastu publikoan eta, beraz, osasun-sistemaren iraunkortasunean. Hori horrela da, izan ere, pizgarritik eratorritako diru-sarrera fiskalen galera handiagoa izan daitekeelako osasun gastuetan aurrezten dena baino (18). Osasun-sistema pribatuaren onurak defendatzen dituzten sektoreetatik, batez ere mota horretako enpresen patronaletik, adierazten da aseguru pribatuek eragin positiboa dutela sistema publikoaren iraunkortasunean, osasun publikoaren kongestioa arintzen dutelako eta horrek dirua aurreztea dakarrelako. Alabaina, Katalunian aseguramendu bikoitza zuten pertsonen jokabidea aztertu zuen azterlan batek ondorioztatu zuen pertsona horiek aseguru publikoa baino ez zutenen aldean baliabide publikoen kontsumo handiagoa egiteko joera zutela (19). Journal of Health Politics, Policy and Law (20) aldizkarian 2004an argitaratutako ikerlan batean, ondorioztatu zen sektore publikoan itxarote-zerrendak eta itxarote-denborak handiagoak direla sektore pribatu paraleloak dituzten herrialdeetan, hala nola Erresuma Batuan eta Zeelanda Berrian, bestelako interakzio publiko-pribatua duten herrialdeekin alderatuta. Sektore pribatua aldi berean egoteak, berez, baliabideak sektore publikotik ken ditzake eta/edo pizgarriak jar ditzake jokoan, sektore publikoan itxarote-zerrendak handitzea ekar dezakeelarik.

Bestalde, finantzaketaz harago, osasun-sistema pribatuen hazkundeak eragin handia du sistemaren legitimitate sozialaren gainean, eta alderdi hori oso garrantzitsua da sistemaren iraunkortasunerako.

Osasun-sistema pribatuak maila sozioekonomiko handieneko pertsonek erabiltzen dituzte gehienbat, eta sistema horien hazkundeak, beraz, sozialki ondo kokatuta dauden sektoreek osasun-arreta pribatuko sarera ihes egitea errazten du. Horrek esan nahi du sektore horiek, presio sozialerako gaitasun handiagoa dutenez, beren zerbitzuen finantzaketa eta kalitate egokia eskatzeari utz diezaioketela, horiek erabiltzeari utzi baitiote. Era horretan, osasun sistema publikoak sektore pobreenen arretara baztertuta geratuko dira pixkanaka. Ondorioa agerikoa da, Richard Titmussek (1958) (21) argi eta garbi adierazi zuen moduan: “Behartsuentzako zerbitzu bat, ezinbestean, zerbitzu pobre bihurtzen da klase ertainak, politikoki aktiboa izaki, alde batera uzten dituenean“. Prozesu hori bereziki kezkagarria da finantzaketa publikoa duen aseguramendu pribatuaren kasuan, funtzionarioen mutualitateetan, esaterako; izan ere, gizartean ondo kokatuta dauden eta kasu askotan eragin handia duten kolektiboak dira (arlo politikoko pertsonak, funtzionarioak, kazetariak, abokatuak) (22).

Osasungintzaren finantzaketa pribatizatzearen beste ondorioetako bat, eta baita funts publikoekin finantzatutako hornidura pribatuarena ere, gardentasun gutxiago eta kontrol publikorako mekanismo txikiagoak dira. Horrela, onura pertsonalak sartzeak ustelkeria eragiten du osasun-sisteman (23), pazienteen eroskeriatik hasi eta osasun-sistema osoa inplikatzen duten formula askoz konplexuagoetaraino.

Bestalde, zerbitzuen esternalizazioak, enpresa pribatuek hornitu ditzaten, eta, horren zioz, kostuak aurrezteko interesak duen nagusitasunak, osasunerako mehatxu larriak ekar ditzake (6). Ildo horretan, Espainiako 67 ospitaletan zerbitzu publikoekiko lankidetza publiko-pribatua konparatzeko berriki egindako azterlan batek ondorioztatzen du lankidetza publiko-pribatuek ez dutela errendimendu hoberik, kalitateari eta eraginkortasun teknikoari dagokienez, zerbitzu publikoek ematen dutenaren aldean (24). Ingalaterran, akutuen ospitaleetan garbiketa-zerbitzua kanpora ateratzearen eta MRSAk (Staphylococcus aureus, metizilinarekiko erresistentea) eragindako infekzio-intzidentzia esanguratsuki handitzearen arteko erlazioa erakutsi da, ohe kopuruko garbiketako langileen murrizketarekin batera, eta balorazio txarragoak egiten zituzten pazienteek garbiketari buruz eta langileek garbiketa modu egokian egiteko erraztasunen eskuragarritasunari buruz (25).

Era berean, osasun arloko prestakuntzaren pribatizazioak eta ikerketak arriskuak ekar ditzake populazioaren osasunarentzat. Azken urteotan hainbat artikulu argitaratu dira, eta, horien arabera, farmazia-industriaren zenbait praktikek zalantzan jartzen dute praktikan aplikatutako medikuntza ebidentzia zientifikoan oinarritzen denik (26, 27), interes-gatazka dagoelako (28). Horren ondorioz, hainbat erakunde lanean ari dira industriaren eta profesionalen eta osasun-erakundeen arteko harremanetan gardentasuna hobetzeko (29, 30).

Esparru horretan, eta farmazia-industriak osasun-prestakuntzan duen presentziak eta garrantziak dakartzan arriskuei dagokienez, kontuan hartu beharreko lehen puntu bat da osasun-arloko lanbide-karreran zehar prestakuntza arautu beharko luketen independentzia- eta objektibotasun-ezaugarriak zalantzan jartzen direla, noiz eta industriak prestakuntza ematen duten agente hornitzaileei laguntzen dienean (31). Ez da ahaztu behar unibertsitate-hezkuntzan, osasun-arloko profesionalei beren karreran lagunduko dieten printzipio asko finkatzen diren fasean, ez dela prestakuntza espezifikorik ematen profesionalen eta industriaren arteko harremanak gidatu behar dituzten interes-gatazkei eta etikari buruz (28), ez eta saiakuntza klinikoen emaitzen balorazio eraginkorrari buruz eta sendagaien kontrako erreakzioak aitortzeari buruz. Ez da ere lantzen farmazia-produktuen sustapenetan nola jokatu behar den (32, 33).

Estatuko eta nazioarteko hainbat azterlanek medikuntzako ikasleek eta egoiliarrek farmazia-industriaren sustapen-jarduerekiko duten esposizio handia deskribatu dute, baina desberdintasunak daude elkarreragin horren inplikazioen pertzepzioari eta horrek sortzen dituen jarrerei dagokienez (34, 35, 36). Hala, ikasleek uste dute ez duela eraginik beren preskripzioan, baina eragin hori identifikatzen dute ikaskideengan (36, 37). Bestalde, badirudi mediku egoiliarrek ez dutela zalantzan jartzen opari txikiak onartzearen edo farmazialariek kongresuak edo ikastaroak finantzatzearen baliozkotasun morala, agian gainerako mediku-kolektiboan ikusitako jokabide-jarraibideak errepikatzen dituztelako edo jarrera horiek irakasleen eraginpean daudelako (38). Kontuan izan behar da irakasle askok, oro har, ez dutela bioetikan prestakuntza egokirik (35), nahiz eta gai hori, adibidez, familia- eta komunitate-medikuntzako espezializazio-prestakuntzan sartuta dagoen (SCO/1198/2005 Agindua, 2005).

Etengabeko prestakuntzari dagokionez, ezaguna da farmazia-industriak lagundutako programek gai gehiago lantzen dituztela, terapia farmakologikoetan gehiago zentratzen direla (39) eta konpainiaren produktuak modu onuragarriagoan tratatzen dituztela (40, 41) industriak finantzatzen ez dituen programek baino. Gainera, zenbait azterlanek adierazten dute farmazia-industriak finantzatutako programa horiek profesional parte-hartzaileen preskripzio-patroian duten eragina (41, 42, 43), pazienteek ere hautematen dutena (44). Bada beste egitate esanguratsu bat ere: farmazia-industriarekiko interakzio handiena ebidentzian oinarritutako preskripzioari buruzko ezagutza txikiagoari (45) eta marketinerako joera handiagoa duten jarrerei (46) dago lotuta.

Ikerketaren pribatizazioari dagokionez, farmazia-multinazionalek zeregin garrantzitsua dute, prestakuntzan gertatzen den moduan, horren zati handi bat finantzatzen baitute (47). Farmazia-industriak parte hartzen du ospitale publikoetan sortutako ikerketarako institutu biomedikoetan, eta, beraz, eragin handia izan ohi du horietan egiten den ikerketan (48). Beraz, inpaktuari dagokionez, kontuan hartu behar da ikerketa-planei buruzko erabakiak hartzean enpresa pribatuen presentziak berekin ekar lezakeela ikerketa ez bideratzea gizarte-ongizatea hobetzera; litekeena da ikerketa merkatuak eta enpresek zuzendurik egotea, ikerketaren finantzaketaren errentagarritasuna herritarren osasunerako onuraren gainetik lehenesteko (48, 49). Gainera, enpresa pribatuek eskura izango lituzkete datu biologikoak, fisiologikoak eta genetikoak, bai eta biztanleriaren osasunari buruzko bestelako informazio sentikorrak ere, normalean zerbitzuen plangintza estrategikoa egiteko, ospitaleak eta osasun-zentroak administratzeko eta kudeaketa klinikoa egiteko erabiltzen direnak, kardiologia edo onkologia bezalako sektoreetan.

PDF artikulua jaitsi