Sexualitatea, generoa eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Maite Morteruel

Gure gizarteak botere harremanen sistema batean oinarritu izan dira garaien garaietatik, genero inguruan bortitz eraikitako eta erreproduzitutako harremanetan, hain zuzen. Sistema horren azpian sexualitate eredu bat ezarri izan da, gizona eta emakumea kategorietan oinarrituta. Eta kategoria horien bueltan, gizartean onargarri diren bi genero- edo jokabide-eredu ezarri dira, non maskulinoa eta horrekin zerikusia duen guztia norbatibotzat hartu den, eta beraz, desiragarri eta hegemonikotzat jo den (1). Binarismo horrek bi ondorio nagusi ekarri ditu, biak ere normatiboak: batetik, pertsonei jaiotzean esleitu zitzaien generoarekin bat datozen (zisnormatibitatea) jokabidezko ereduei jarraituz haziko eta biziko direneko gizarte itxaropena (2); eta, bestetik, pertsonek heterosexualitatearekin bat datorren harreman afektibo-sexualak eraikitzea, hori ote delakoan harreman afektibo-sexualerako eredu ideial, natural nola desiragarria (3). Genero identitatearen eta sexu orientazioaren arabera eraikitako sistema norbatibo horrek LGBTI+ jendearen (lesbianak, gaiak, bisexualak, trans-ak, intersex-ak eta binarismo horren barruan kokatzen ez diren gainerako nortasunak) ikusezintasuna, bereizkeria eta jazarpena ekarri du historikoki eta gaurko eguneraino (4). Pertsona horiek, hain zuzen, aukera gehiago dute indarkeria mota ugariren biktimak eta giza eskubide eta askatasun eskubideen urraketen jomuga izateko planeta osoan, eta halako ekintzak, gainera, ezkutuan eta dagozkien legezko ondoriorik eta zigor penalik gabe geratzen dira maiz (5, 6).

LGBTI+ jendeak ez du osasun eta ongizate maila gorenak izateko bezainbeste aukera jende zisnormatiboaren eta heteronormatiboaren aldean (3). Fredriksen-Goldsen eta bestek (7) azalpen-esparru jakin bat proposatzen dute herritar horiei eta osatzen duten kolektibo ezberdinei eragiten dieten osasun desberdintasunak dakartzaten faktoreentzat. Esparru horrek ezartzen duen arabera, badira egiturazko faktore batzuk, hain zuzen kolektibo horien beharrak asetzen ez dituzten lege eta politikekin lotutakoak. Lege eta politika horiek zapalkuntza testuinguru bati ematen diote bide, erakundeen aldetik ere bultzatua dena, eta horko jendeak gizartearen estigma duten euren gain. Aldi berean, elementu horiek eragina dute osasun fisiko eta mentalean, jokabide psikologiko eta biologikoei lotutako izaera sozialeko edo harremanezko prozesuen bidez.

Gizarte mailan, LGBT pertsonek jasaten duten bazterkeriak eta bereizkeriak isolamendu sozialera bultzatzen dituzte

Gizarte mailan, LGBT pertsonek jasaten duten bazterkeriak eta bereizkeriak isolamendu sozialera bultzatzen dituzte, euren bizitzan zehar baliabide sozialak garatu izan dituzten pertsonek murrizturik ikus baditzakete ere osasunean eragiten dituzten ondorio negatiboak (8). Osasunarekin lotutako jokabideei erreparatuz, LGBT kolektiboko pertsonek tabako, alkohol eta bestelako substantzia gehiago kontsumitzen dute (7, 9), eta kolektiboak bizi izan dituen bereizkeria bizipenekin lotu izan dute faktore hori (7). Bereizkeria, gainera, obesitaterako arriskua areagotzearekin ere egon daiteke lotuta, gehiago eman baita emakume lesbianen artean emakume heterosexualen aldean baino (9). Beste alde batetik, aukera gutxiago hauteman da baheketa programetarako eta, oro har, prebentzio zerbitzuetarako (7, 9). Emakume lesbiana eta bisexualen kasuan, osasun zerbitzuen aldetik jasotako diskriminazioarekin lotu izan da.

Prozesu horien guztien ondorioz, LGTBI+ pertsonek osasun emaitza okerragoak ageri dituzte, tasa handiagoak dituzte buruko nahasmenduetan (10) eta suizidioetan (11), eta baita tabakoaren, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoan ere (7, 9). Gainera, arazo espezifiko batzuk ematen dira populazio horretako talde bakoitzean. Esate batera, emakume lesbiana eta bisexualek prebalentzia handiagoa erakusten dute asma, artritisa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko (12), eta baita minbizi mota batzuetarako ere (13). Gizonezko gai eta bisexualek, bere aldetik, probabilitate gehiago dute sexu bidezko transmisiozko infekzioak izateko, eta uzkiko, prostatako, barrabiletako eta koloneko minbizia izateko (14), edo elikadura nahasmenduak izateko (9). Trans kolektibokoek, halaber, hein handiagoan pairatzen dituzte bereizkeria eta indarkeria, eta suizidiorako arrisku handiagoa dute (15). Kolektibo horren barruan, horrez gainera, zaurgarritasun egoera berezian aurkitzen diren jende multzoak daude, bereizkeria handiagoa jasaten dutelako; hori da gazteen (16, 17), langile sexualen, emakume indigenen eta arraza beltzeko emakumeen kasua (18, 19). LGTBI+ kolektiboaren beharrak aldatu egiten dira gainera bizitza zikloan, eta nerabezaroan eta gaztetako lehen urteetan handiagoa suizidiorako eta etxebizitzarik ez izateko arriskua (9). Helduetan, berriz, tabako, alkohol eta droga kontsumoa handiagoa da LGTB kolektiboan, eta zahartzaroan, berriz, isolamendu sozial handiagoa jasaten dute y euren beharrei erantzungo dieten gizarte eta osasun zerbitzu urriagoekin aurkitzen dira (20).

Osasun arretaren esparrua ez da libratzen LGBTI+ pertsonengana zuzendutako nolabaiteko bereizkeriak burutzetik eta iraunaraztetik, sarritan aurreiritziekin eta gizarte eta kulturako estereotipoekin lotutako mekanismoen bidez, eta informazio zehatzik ez ematearen bidez. Hain zuzen, LGTBI+ populazioaren eskubideen aldeko aktibisten mugimenduak azaldu eta salatutako mekanismo batzuk LGTBI+ kolektiboko pertsonengan egindako esku-hartzeak izan dira, ez baitziren osasuna eta ongizatea hobetzera begira egindakoak, eta inpaktu negatiboak sortu izan dituzte. Horietako adibide bat identitate ez normatiboen eta genero-trantsizioko prozesuen gainean egindako patologizazioa da, hau da, gorputza alda dadin emandako tratamendu hormonalak edo kirurgikoak. Trans kolektiboaren despatologizaziorako mugimendu aktibistatik salatu egin da irizpide binario eta heteronormatibora nabarmenki lerraturik den arreta-eredua, muga izan baita trans pertsonek erabakiak informazioa eskuan dutela har ditzaten, eta beraz, erabaki askeak har ditzaten euren gorputzari eta trantsizio prozesuari buruz (21). Giza eskubideen nazioarteko erakundeek ere salatu izan dituzte mota horretako esku-hartzeak adingabeetan eta arrazoi klinikorik egon gabe egin izana, eta horiek amai daitezela eskatu dute (21).

Osasun zerbitzuak ez dira salbuespena LGBTI+ko populazioak euren beharrak asetzeko emango dien osasun arreta bat eskuragarri izatea oztopatzen

Beste alde batetik, osasun zerbitzuak ez dira salbuespena LGBTI+ko populazioak euren beharrak asetzeko emango dien osasun arreta bat eskuragarri izatea oztopatzen. Izan ere, LGTBI+ kolektiboko jendeak gutxiago erabiltzen ditu osasun zerbitzuak, batik bat prebentziozko zerbitzuak. Horietara jotzea eragozten duten langen artean, hauek aurkitzen dira, besteak beste: osasun profesionalengandik jasotako bereizkeriazko jokabideak, horien ezagutza falta kolektiboaren arreta espezifikoen beharren gainean, osasun sistemaren izaera zisnormatibo eta heteronormatiboa, eta, halaber, profesional horien aldetik jasotako konfiantzarik eza kolektiboaren osasunaren konfidentzialtasunari buruz (18). Kolektibo horiek, gainera, osasun estaldura gutxiago dute (22).

Egitura mailan (gizarte hierarkiaz baliatuta) nahiz osasun sistema eta arretaren esparruan operatzen duten mekanismo horien guztien ondorioz, LGBTI+ kolektiboko pertsonek osasun desberdintasun nabarmenak ageri dituzte, eta areagotzen doaz, ondorio kaltegarriak ekar diezazkietelarik euren osasunarentzat (9, 18).

 

PDF artikulua jaitsi