Osasunaren Gobernantza eta Osasunaren Determinatzaile Komertzialak

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Maite Morteruel eta Anna Giné

Zer da gobernantza ona osasunean? Osasunaren gobernantza edo gobernu ona osasuna giza eskubide gisa eta justizia sozialaren kontu bat bezala hartzen duen hura da. Osasuna baldintzatzen duten faktoreen hurrenkerari erreparatuz, erakundeen eginkizunaz harago doan gobernu-eredu bat da, hainbat eragilerekin (erakundeak, herritarrak eta agente sozialak eta ekonomikoak) elkarlanean eta elkar koordinaturik aritzen dena koherentziazko politika batzuk garatzeko, eta osasunaren determinatzaile sozialak hobetzera eta osasun arloko desberdintasunak murriztera zuzendua dena (1). Hori dela eta, osasunaren gobernantza onak beste printzipio batzuk ere biltzen ditu, hala nola parte-hartze soziala, gardentasuna, trazabilitatea eta gobernatzean burututako jardueren gaineko kontu ematea.

Osasunaren gobernu ona, baina, inon ez da bermaturik, ezta demokratikotzat jotzen diren sistema politikoetan ere, eta herritarren osasunerako eskubidea arriskuan jartzen duten erronka batzuei aurre egin beharrean da (Ikus  “Zer da osasunaren pribatizazioa?” kapitulua) XX. mende amaierako neoliberalismoak apurka-apurka desegiten joan zen Europako ongizate-estatua. Neoliberalismo horrek eta globalizazio prozesuak interes ekonomikoak jarri izan dituzte ezeren aurretik, agenda politiko globala baldintzatuz eta osasun zainketaren eginkizunerako estatuek duten ahalmena murriztuz (2). Osasunean eragiten duten eta, zuzenean edo zeharka, irabazi-asmoek bultzatutako faktore horiei Osasunaren Determinatzaile Komertzialak deritze (3).

Eta nola eragin dezakete Determinatzaile Komertzialek osasunean? Sektore pribatuak eta nazioz haraindiko korporazioek presio taldeak eratzen dituzte, gai direlarik erabaki politiko eta ekonomikoak hartzean horiek euren interesen mendera lerratzeko. Halatan, eragile horiek osasuntsu izatetik gutxi duten edo osasunarentzat kaltegarriak diren produktu eta aukerak sustatzea lortzen dute, dela marketin bidez (gizarteak horiek onar ditzan sustatuz eta balioa erantsiz), dela lobby ekintzez (euren irabazi-asmoa estaltzen dute arreta-gunea beste norabait zuzenduta), dela hornidura-kate handien bidez (horien merkaturatzea hauspotzen dute). Eta baita ikerketara zuzendutako finantzazioa eta garapena baldintzatuz ere, erabakiak eta gizarte joerak euren interesen mesederakoak izan daitezen (2, 4).

Korporazioen jardueren eragina ederki islatzen da pertsonak bizi diren inguru fisiko eta sozialean, eta osasungarriak ez diren hainbat produkturen  eskuragarritasunean

Korporazioen jardueren eragina ederki islatzen da pertsonak bizi diren inguru fisiko eta sozialean, eta osasungarriak ez diren hainbat produkturen (tabakoa, alkohola, edari azukredunak, elikagai prozesatuak, etab.) eskuragarritasunean, kultur komenientzian edo prezioan eragiten dute (5, 6). Eragin hori bizimoduak eta norbanakoaren kontsumo aukerak mugarritzeraino iristen da, eta herritarren osasun adierazleetan ere eragiten du. Egiaz, zenbait gaixotasun kroniko nabarmenen atzean enpresa handien irabaziek bultzatutako estrategiak eta osasunaren kalterako diren korporazio praktikak daude (7). Tabako industriaren kasua paradigmatikoa da, guztiz eraginkorra izan da ohitura hori arautzeko asmoa desagertze aldera erabili izan duen marketin ekintza nahiz lobby estrategia, eta beste industria batzuk ere (alkoholarena, kasu) eredu izan dira euren interesen alde egiten (8).

Gobernuek, herritar guztientzako osasun eskubidea bermatzeko xedeak bultzatuta aritzen direnean, interes ekonomikoekin zerikusia duten erronka ez nolanahikoei egin behar izaten die aurre. Hasteko, osasun arloan nagusi den eredu biomedikoak norbanakoen erabakitzeko ahalmenean jartzen du euren osasunaren gaineko erantzukizuna, eta izkin egiten die aktore ekonomikoek dituztenei, zeinak arazoaren parte izatetik osasunari atxikitako eragile “aliatu” izatera pasatzen baitira, bitartean euren negozio mozkinak handitzen dituztelarik (9).

Bigarren erronka lotuta dago interes ekonomikoek osasun ekitatean duten eraginari. Ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, interes ekonomikoen inpaktu negatibo nagusienak sozioekonomikoki behar handienean diren herritar taldeetan ematen dira. Izatez, tabakismoan eta alkoholaren gehiegizko kontsumoan ematen diren desberdintasunak aipatzen dira europar herrialdeetan hilkortasun tasan ematen diren etengabeko desberdintasunak ulertzeko arrazoi gisa (10). Gobernuen jarduerak osasun sistemara ere aplikatu behar dira; izan ere, ospitaleratzean oinarritutako arreta-ereduak, arras teknologizatuak eta interbentzionistak izaki, ez dira zuzentzen gaixotasunen eta osasun arloko desberdintasunen zioen zioetara, eta lagundu egiten dute horiek ugaritu daitezen (11).

Hirugarrenik, osasunaren gobernantza onak, halaber, demokraziaren, gardentasunaren, kontu ematearen eta sen onaren araberako mekanismoetan oinarritzen den jarduera bat eskatzen du. Horren haritik, merkataritza libreko hitzarmenak, multinazional handien arteko harremanak eta elkartruke ekonomikoak bideratzen dituztenak, opakutasun handiko eta baldintzetan gauzatzen dira, batere demokratikoak ez direnetan, herritarren osasunean izan ditzaketen inpaktu negatiboei muzin eginez. Oraindik ez badago ere horien ondorioei buruzko ebidentzia handirik, burututako ikerketek aldeko baino kontrako efektu gehiago antzeman izan dituzte herritarren osasunean (12, 13), eta, gutxienik ere, zuhurtasunaren eta kalterik ez egitearen printzipioa aplikatzea eskatuko lukete, eta halako neurriak onartu aurretik osasunean izango duten inpaktuari buruzko ebaluazioak egitea.

Osasun arloan gobernantza onaren printzipioak zaintzeaz arduratzen diren gobernu eta erakunde publikoek gardentasuna, trazabilitatea eta kontu ematea kontrolatzeko eta, azken batean, herritarren osasunerako eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrak jarri behar lituzkete abian, ustelkeria saioak saihestuta.

 

PDF artikulua jaitsi