Hiri-ingurunea eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Maite Morteruel

Pertsonen inguruneak (auzoak, ikastetxeak eta lantokiak, besteak beste) eta horien ezaugarriek (fisikoak nola sozialak) eragin handia duten euren osasunean (1). Inguruneen ezaugarri fisikoez ari garenean, hauetaz ari gara, beste batzuen artean: hiriaren plangintza, hiriko espazio eta ekipamenduen diseinua, pertsonek hiritik mugitzeko eta lekualdatzeko duten modua, berdegune edo aisialdi-eremu kopurua, eta produktu osasungarriak eskura izatea (2).

Elementu horien guztien eta osasunaren artean den lotura aztertu izan da literatura zientifikoan, eta ikusi da, batetik, arlo psikosozialetan –segurtasunean, autoestimu kolektiboan edo gizarte kohesioan, kasu– eragiten dutela eta, bestetik, baita osasunarekin zerikusia duten jokabideetan ere. Egitura sakabanatuagoa duten hiriek gizarte isolamendu handiagoa ageri dute, egitura konpaktuagoa eta espazio berean askotariko erabilerak (merkataritza-jarduera, etxebizitzak, aisialdia, ikastetxea, lantokiak, etab.) dituzten hirietan pertsonen fluxu anitzagoa ematen eta hiri-sakabanaketa fenomenoei aurrea hartzen zaien bitartean (3, 4). Bestalde, erabilera publikorako espazio zein ekipamenduak eta berdegune eta aisialdi-guneak izanez, topagune gehiagorako aukera du jendeak, komunitate sena handitzen da horietan eta gizarte kohesioa sustatzen da (5). Baina espazio horiek ez badira egoki zaintzen edo zikinkeria edo argiztapen eskasa badute, aipatu eragin positibo horiek desager daitezke, areagotu egin dezakete pertsonengan antzemandako delinkuentzia arriskua eta segurtasunik eza (6) eta murriztu egin dezake espazio horien erabilera, ingurune horietan harreman sozialetarako aukerak gutxitu egiten direlarik horrela (7).

Hirien ezaugarri fisikoek osasunarekin lotutako jokabideetan duten eraginaz denaz bezainbatean, sakon aztertu izan da jarduera fisikoarekin horiek duten lotura. Hala, etxebizitza-dentsitate handia eta askotariko erabilera ematen zaien espazioak dituzten hirietako jendeak joera gehiago du gehiegizko pisua eta obesitatea izateko (8). Era berean, garraio publikorako sistemen eta mugikortasun aktiborako azpiegituren –zolagainak edo bidegorriak, esaterako– diseinuak eta kalitateak nahiz hiriko eremu ezberdinen arteko loturek franko eragiten dute pertsonek hiritik mugitzeko duten moduan, handitu edo gutxitu egiten dituztelarik eguneroko jarduera fisikorako aukerak (9). Ildo horretan, eta nahiz eta ez dagoen erabateko ebidentziarik, inguruan kalitatezko berdegune gehiago duten hirigunetan bizitzea jarduera fisiko gehiagorekin eta gehiegizko pisu eta obesitate gutxiagorekin lotu izan da (9). Horrez gainera, oztopo arkitektonikorik ez duen eta aisialdi-guneak zein ekipamendu seguru eta kalitatezkoak dituen inguru batek zehazten du, onerako zehaztu ere, bertako bizilagunen jarduera fisikoa (10).

Ingurune fisikoek eragin garrantzitsua dute elikatzeko moduan eta alkohol kontsumoan

Jarduera fisikoaz gain, ingurune fisikoek eragin garrantzitsua dute elikatzeko moduan eta alkohol kontsumoan. ‘Elikadura ingurune’ deiturikoen eraginak zerikusia du elikagaien salmenta edo kontsumoko establezimenduak –dendak, supermerkatuak, saltzeko makinak, jatetxeak, kafetegiak– eskura izatearekin eta elikagai osasuntsu gehiago edo gutxiagoko eskaintza bat izatearekin horren osasungarriak ez diren aukeren aldean. Erresuma Batuaren gisako herrialdeetan aztertu izan da nola janari lasterreko establezimendu gehiago eta janari ez osasungarri gehiagoko tokiko supermerkatuak dituzten hiri-inguruneetan gora egiten duela gehiegizko pisua eta obesitatea duten haur eta nerabeen kopuruak (9). Halaber, inguruneek edari alkoholdunen kontsumoa susta dezakete, produktu horien eskaintza edo ikusgarritasuna areagotuz publizitatearen bitartez edo inguru horretan erakusgai jarriz, eta hirietan alkohol kontsumoa normaltzea eta onartzea bultzatuz (11).

Pertsonak ez dira modu homogeneoan banatzen hirian zehar; aitzitik, zerikusia du egoera sozioekonomikoarekin edo euren jatorriarekin. Hirietan ematen den gizarte segregazioak zerikusia du, besteak beste, egoera sozioekonomiko hobeko taldeek bizitokia erabakitzeko duten aukera handiagorekin (12). Pertsonen osasun egoera bizi diren hirietako auzoak kontuan hartuz aztertzen denean, aldeak antzematen dira ongizate handiagoko edo gutxiagoko eremuen artean. Horren arrazoia baliteke, nonbait, auzo batzuetan edo bestetan bizi diren pertsonen berezko ezaugarriak izatea, baina baita ere pertsona horiek ingurune ezberdinetan, osasuntsuak edo ez horren osasuntsuak direnetan, bizitzeagatik izatea. Hala, maila sozioekonomiko apalagoko hiri-inguruneetan ikusi izan da, adibidez, lotura estua dagoela inguruan ematen den kutsaduraren eta heriotza tasaren artean (13), eta gehiago direla beste ingurumen arrisku batzuen eraginpean ere, adibidez kalitate gutxiagoko edateko urean edo zaratan (5).

Bestetik, egoera sozioekonomiko txarrean diren pertsonei modu ezberdinean eragin diezaieke hiri ingurunean gauzatzen diren ezaugarri edo esku-hartzeen aurrean. Adibidez, egoera txarrean eta zikinak diren ingurune fisikoak, hau da, ez-segurutzat hartzen direnak eta jarduera fisikoak burutzea eta harreman sozialak garatzea bezalako ohitura osasungarriak gauzatzen laguntzen ez duten hirigintza-diseinuak dituztenak, eragin negatiboa dute bertan bizi direnen osasun fisiko eta psikologikoan, eta areagotu egin dezakete horien desabantaila sozioekonomikoa zein osasuna (5). Erresuma Batuan, berriz, ikusi izan da sozioekonomikoki gehien kalteturik diren eremuetan janari lasterreko denda gehiago kontzentratzen dela eta, gainera, bertako biztanleak kalteberagoak direla elikadura mota horren efektu negatiboen aurrean (5, 9).

Ondorio gisa, esan dezakegu hiriek eta horien plangintzak eta diseinuak indartu egin dezaketela bertako biztanleen osasuna hainbat neurriren bidez, guztiak ere espazio publikoaren kalitatea edo ekipamenduak hobetzera zuzenduak, eta aukera osasungarriak eskuragarrienak izatera. Horrez gainera, ekarpena egin dezakete hiri mailan osasun arloko gizarte desberdintasunak murrizte aldera, arreta berezia jarriz urrakortasun handieneko auzo edo eremuen ezaugarri eta egoeretan hala nola bertako biztanleen osasun mailako behar eta potentzialitateetan.

 

PDF artikulua jaitsi