Diskriminazioa eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Mireia Utzet

Diskriminazioa esaten zaio sozialki zehazturiko talde bateko kide bat edo batzuek talde horretakoak izateagatik modu ezberdinean (bidegabeki eta gutxiespenez) tratatzeko prozesuari (1). Sozialki egituratutako eta onetsitako fenomeno bat da, ideologia baten aitzakian (berezko nagusitasunaren ideietan oinarritua, usuenik) justifikatua eta norbanakoen eta erakundeen arteko interakzioetan adierazia. Eta, gainera, nagusitasun eta menpekotasun harremanak sortzen eta erreproduzitzen ditu, pribilegioak emanez menperatzaileen talde kideentzat eta gabeziak eta zapalkuntza ekarriz, berriz, gainerakoentzat (2).

Askotariko diskriminazioak daude, generoa, etnia, sexu orientazio eta nortasuna, klase soziala edo erlijioaren arabera. Beraz, bereizkeria bizi dezakete hainbat taldek, eta pertsona batek berak mota bat baino gehiago bizi dezake aldi berean bere larruan, diskriminazio aniztuna deitzen dena (arrazagatik eta generoagatik, esaterako). Etorkinak dira, izan, diskriminazioa sarrienik pairatzen duten talde sozialetako bat, bereziki egoera sozioekonomiko baxukoak direnean (3). Bereizkeriazko jokabideak, gainera, askotariko adierazpideak dituzte (ahozkotik indarkeriazkoraino, psikologikoa, fisikoa edo sexuala) (4) eta bizitza publikoan nola pribatuan (etxean, eskolan, lanean, komunikabideetan, etab.) nozitu daitezke.

Diskriminazioa izan daiteke egiturazkoa, erakundekoa edo pertsonartekoa

Diskriminazioa izan daiteke egiturazkoa, erakundekoa edo pertsonartekoa. Egiturazkoak gizarteek diskriminazioa sustatzeko erabiltzen dituzten forma edo sistema guztiak (hala nola etxebizitzaren eskuragarritasuna, hezkuntza sistema, lan merkatua, osasuna, justizia, etab.) biltzen ditu, zeinak bereizkeriazko uste eta balioak indartzen baitituzte alorrik alor (2). Erakundeen diskriminazioa, berriz, estatuak edo erakundeek burutzen dituzten politika edo praktika diskriminatzaileei (generoaren araberako soldata ezberdina, kasu) esaten zaio. Pertsona arteko bereizkeria norbanakoen interakzio diskriminatzaileei (hala bizitza publikoan nola bizitza pribatuan) buruzkoa da.

OMErentzat, diskriminazioa pertsonen osasunaren determinatzaile bat da (5), eta, ildo horretan, duela urte batzuetatik hona ugaritu egin dira diskriminazioaren (arrazismoa, bereziki) eta osasunaren arteko lotura aztertzen duten ikerketak, batez ere Estatu Batuetan, arreta pertsonen arteko bereizkerian jartzen dutelarik (2). Badira azterlanak arrazismoa, pertsonen hartuemanen mailan, buruko osasun txarrarekin (6, 7), lo egiteko arazoekin (8), hipertentsioarekin (9) eta alkoholaren kontsumoarekin zerikusia duten osasun arazoekin (9) lotzen dutenak. Eta badira osasun sisteman arrazagatiko diskriminazioa (adibidez, medikuaren eta pazientearen interakzioan) ematen dela dioten ebidentziak ere, zeinak ondorioak sortzen baitituzte pazientearen osasunean. Berritsuki argitaratutako txosten baten arabera (11),  egiturazko arrazismoa oso kontuan izan behar da Estatu Batuetako osasun egoeran eta osasunerako sarbidean ematen diren etnia desberdintasunak ulertzeko. Europan, berriz, oraindik nahiko mugatua da alor horretan kausitutako ebidentzia zientifikoa. Horien artean, aipagarriak dira errenta baxuko herrialdeetako lehen belaunaldiko etorkinen artean (12) bai eta Alemaniako etorkinen artean (13) ere antzemandako diskriminazioa osasun txarrarekin nola lotuta den erakusten duten ikerketak. Espainiaren kasuan, frogatu izan da lotura dagoela jatorriko herrialdeagatiko bereizkeriaren eta hainbat osasun adierazleren artean (13).

Bestetik, genero diskriminazioa bereziki kaltegarria izanik ere eta sexismoa gizartean (lantokian, komunikabideetan, etab.) erroturik den arren, diskriminazio mota horrek osasunean duen inpaktua (eta arraza eta klase sozialarekin duen lotura) oso gutxi aztertu izan da (15, 16). Horren ildotik, aipatzekoak dira sexismoa ondoez psikologikoarekin (17, 18, 19) eta osasun fisiko eta mentaleko hainbat adierazlerekin (20) lotuta dagoela erakusten duten zenbait ikerlan, eta baita genero diskriminazioa alkoholarekin zerikusia duten arazoekin lotzen duen beste bat ere (21). Halaber, frogatu izan da transgenerokoek jasan dezaketen askotariko diskriminazioa estres kronikoaren iturri dela, handitu egiten delarik osasun psikologiko eta fisiko txarra izateko arriskua (22). Azkenik, bada ere ebidentziarik osasun sisteman mediku eta pazienteen interakzioan ematen den genero diskriminazioaren (23) gainean.

Antza denez, estresa da antzemandako diskriminazioaren ondorioz osasun psikologiko eta fisikoan eragiten duen faktore nagusia (16). Eta horrek mekanismo batzuk abiaraz ditzake norbanakoan, esaterako erantzun fisiologiko eta psikologiko negatiboak (gorputzeko edo buruko osasunean arazoak ekar ditzakete, bestalde), jokabide ez-osasungarrien ugaritzea (erretzea edo alkohola edatea, kasu) edo lo egiteko arazoak, osasun psikologiko edo fisikoari eragin diezaieketelarik (8).

Nahiz eta handituz doan diskriminazioak osasunean duen inpaktua aztertzeko interesa, ikerketa gehiagoren beharra nabari da hainbat alorretan, esaterako erakundeko eta egiturazko diskriminazioaren inpaktua (11) edo osasun hornitzaileek hauspotzen duten arrazismoa (24), osasunean arrazagatiko desberdintasunak murriztera zuzendutako esku-hartzeak planifikatze aldera.

 

PDF artikulua jaitsi