Dibertsitate funtzionala eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Isabel Mosquera

Dibertsitate funtzionala fenomeno bati buruz ari da, zeinaren arabera pertsona guztiok dugun mendekotasuna, baina pertsonen gaitasunetan diren aldeak nabarmenduta (1). Modu horretan, aldendu egiten da “desgaitasuna” hitzetik; azken horrek, izan ere, pertsona batek osasun arazo bat izanik testuinguruko faktoreekin, bai ingurunekoekin bai norberarenak direnekin, izaten dituen interakzioen alderdi negatiboetan jartzen baitu arreta (2). Nolanahi, desgaitasun hitza dibertsitate funtzionalaz ordezteak hautsak arrotzen ditu oraindik ere (3).

2011. urtean uste zen munduko biztanleen %15ak, gutxi gorabehera, dibertsitate funtzional bat zuela, eta %2-4 inguruk zailtasun garrantzitsuak zituela bere eguneroko funtzionamenduan (2), autonomia pertsonala galtzera eta eguneroko jarduerak burutzeko laguntza behar izatera behartuta egon zitezkeelarik (4). Espainian, bere aldetik, adin aktiboan ziren (16 eta 64 urte bitarteko 1.774.800 pertsona) herritarren %5,9k dibertsitate funtzionala zuen 2015. urtean (5). Eta populazioa zahartzen doanez eta gaixotasun kronikoak eta endekapenezkoak gora doazenez (6), aurreikusirik dago gora egingo duela dibertsitate funtzionala duten pertsonen kopuruak.

Dibertsitate funtzionala pobreziarekin lotzen da, eta gizarte bazterkerian eroriz amai dezake

Kolektibo horretako pertsonek maila sozioekonomiko okerragoa dute  dibertsitate funtzionalik ez duten pertsonen aldean. Era berean, dibertsitate funtzionala pobreziarekin lotzen da, eta gizarte bazterkerian eroriz amai dezake (5, 10). Espainiaren kasuan, pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren arrisku-tasa, dibertsitate funtzionala duten pertsonengan, %30,9an dabil (populazio osoa kontuan hartuta, tasa %26,1 da) (5). Dibertsitate funtzionalaren eta pobreziaren artean den lotura bi norabideetakoa da. Batetik, dibertsitate funtzionala duten pertsonek behar handiagoa dute oinarrizko ongizate maila bat izateko horrelako mugarik ez duten pertsonen aldean, eta gastu ekonomikoa eragiten die horrek, askotan hain zuzen lanik gabe aurkitzen den talde bat izaki. Bestetik, pobrezia izan daiteke dibertsitate funtzionalaren kausa. Bizi-baldintza okerrago batzuek, elikadura okerrago batek edo osasun eta amatasun asistentziarako aukera murriztuagoa izateak dibertsitate funtzional batera eraman dezake, besteak beste, jaiotzeko pisu baxuak edota txerto-estaldura osagabe batek eraginda (7).

Herritar guztiak kontuan hartuta dibertsitate funtzionala dutenek azaltzen duten posizio sozial gorabeheratsua izan daiteke hainbat arazo izateko duten joera handiagoaren arrazoia, hala nola aurreikus daitezkeen bigarren mailako gaixotasunetarako, komorbilitaterako, adinarekin lotutako nahasmenduetarako, zein dieta ez-egokiarena edo jarduera fisikorik ez egitearena (2). Dibertsitate funtzionala, gainera, estigma bati lotuta ager daiteke, inpaktu psikologiko nola fisikoa duelarik osasunean. Muga intelektualak dituztenen artean, adibidez, estigma batez eratzen den auto-pertzepzioa honako hauekin lotu izan da: autoestimu gutxiago, etorkizunerako asmo eskasagoak, bizitza-kalitate baxuagoa eta sintoma psikiatriko gehiago (13, 14).

Jende gaztearen artean, dibertsitate funtzionalak buruko osasunean dituen ondorioak jazarpenarekin loturik daude, modu garrantzitsuan (15, 16). Mugak dituen jende gaztearen artean emaitza okerragoak ageri dira beste arlo batzuetan ere, osasun sexualean esate batera, bereziki emakumeen artean. Horiengan, gehiagotan ematen dira baimenik eman gabeko harreman sexualak edo sexu bidezko transmisiozko gaixotasunen diagnostikoak (17).

Kolektibo horretako pertsonen artean, horietako zati batek muga funtzionalak ditu eta oztopo artitektonikoekin aurkitzen dira, euren egunerokotasuna oztopatzen dietelarik. Horrenbestez, ulertuko da etxean irisgarritasunaren mesedetan egindako esku-hartzeak (gurpildun aulkientzako moduko ateak, bainugela egokiak edo arrapalak izatea, kasu) osasunaren onerako izatea. Ondorioz, bada, horretarako aukera dutenek bizitzeko eta eguneroko jardueretarako kalitate hobeagoa dute irisgarritasunik ez den ingurunetan bizi direnen aldean. Onura horiek inpaktu positiboa dakarte muga funtzionalak dituzten pertsonen osasunera, esaterako segurtasun handiagoa eta erortzeko eta min hartzeko prebentzioa. Eta onura horiez gozatzen dute pertsona horien senideek zein zaintzaileek ere (11). Horrez gainera, mugikortasunerako arazoa duten pertsonak etxetik irtetera zuzendutako jarduerek (borondatezko laguntzaileekin batera egindako irteerak, kasurako) ere eragin positiboa duten haien osasunean, gizarte-sarea hobetzen eta isolamendua murrizten laguntzen dietelako, eta beraz, hobetu egiten da euren osasunari buruz duten pertzepzioa zein euren osasun mentala (12).

Laburtuz, desberdintasun egoeran bizi dira dibertsitate funtzionala duten pertsonak, eta abantaila gutxiago dituzte osasun arloan. Horrenbestez, horiek kontuan hartu behar dira politika publikoak taxutzerakoan.

 

PDF artikulua jaitsi