Bizitzeko modu autonomo, solidario eta gozagarri gisa definitu izan da osasuna (1). Osasuna ez da bakarrik gaixo ez egotea. Egitez, gaixotasun bat izan dezaken pertsona batek ongizatea senti dezake aldi berean, edo bizitzaz bete-beterik gozatzeko gaitasuna izan dezake.
Osasuna ikuspegi zabal batez ulertu behar dugun modu berean, begirada zabal bera izan behar dugu hori zehazten duten faktoreak aztertzean ere. Medikuntzan gai horri buruz duela mendetatik onartutako eredua –eredu biomedikoa deritzana– anomalia edo patologia definitzera zuzendu da, hori diagnostikatu eta normaltasunera itzuliko duen edo pronostikoa hobetuko dion tratamendu bat aplikatzera. Osasun arloan gertatu diren aurrerapenek asko lagundu dute herritarren osasuna hobetzen; hobekuntza horiek, ordea, nahiko mugatuak dira herritarren bizi baldintzetan izandako askotariko hobekuntzengatik bizi-itxaropenean eta heriotza-tasaren gutxitzean izandako ondorio positiboetan erreparatzen badugu. Esan dezakegu osasuna, izan, pertsonek bizitzeko, lan egiteko, jolasteko, olgatzeko, harremantzeko eta zahartzeko dituzten baldintzen emaitza dela. Faktore horiei osasun arloko determinatzaile sozialak deritze, eta Dahlgren eta Whitehead-ek (2) eragin-estratu edo -geruzen eredu batean azaldu zituzten, zeinak 1. irudian ikus ditzakegu.
Erdiko eremuan, pertsonei dagozkien eta, hasiera batean behintzat, aldaezinak diren faktore batzuk kokatu zituzten, hala nola, adina, sexua edo faktore genetikoak. Horien inguruan, bigarren geruza batean, osasunarekin lotutako jokabideak aurkitzen dira, hala nola elikadura, ariketa fisikoa edo alkohol eta tabako kontsumoa. Hirugarren geruza batean, bere aldetik, pertsonen arteko harremanak eta horiek duten babes soziala agertzen dira. Laugarren geruza batean bizi eta lan baldintzekin eta pertsonei osasuna izatea ahalbidetzen dieten oinarrizko ondasun eta zerbitzuetarako –osasun sistema, kasu– den aukerarekin lotutako alderdiak biltzen ditu. Azkenik, baldintza sozioekonomiko, kultural, politiko nola ingurumenezko nagusienak azaltzen dira. Goian aipatutako determinatzaile sozialen egituratzea baldintzatzen dute horiek. Geruza guztiak elkarren artean lotuta daude eta pertsonen eta komunitateen osasunean eragiten dute azkenean, horiek lor ditzaketen osasun mailak baldintzatuz.
1. irudia. Dahlgren eta Whitehead-en osasun determinatzaileen eredua
Iturria: Dahlgren eta Whitehead, 1993
Gaur egun, ezagutza zientifikoari esker, eta nahiz eta mekanismoak konplexuak izan, badakigu, adibidez, langabezia egoeran egoteak, batez ere iraupen luzekoa bada (ikus “Lan ezengortasuna, langabezia eta osasuna” kapitulua), lan prekarietateak (ikus “Lan prekarietatea, langabezia eta osasuna” kapitulua), eta etxetik kanpo lan egiteak eta etxeko lana eta zainketa uztartzeak dakarren gainkargak (ikus “Etxeko eta zaintzako-lana eta osasuna” kapitulua) eragin kaltegarria dutela pertsonen osasunean. Bestalde, badakigu ere ingurune ugariko tokietan bizitzeak murriztu egiten dituela heriotza goiztiarrak eta nabarmen hobetzen duela osasuna (ikus “Berdeguneak eta osasuna” kapitulua), edo kapital sozial indartsuagoa duten komunitateek heriotza-tasa baxuagoak dituztela (ikus “Kapital soziala eta osasuna” kapitulua). Egoera sozioekonomikoak ere baldintzatzen du osasuna. Heziketa maila da horren adibide bat, ikasketa maila baxuagoko pertsonak direlarik gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiena dutenak (3).
Osasuna hobetzeak begirada eta baliabideak determinatzaile sozialetara zuzentzea eskatzen du
Osasuna hobetzeak, beraz, begirada eta baliabideak determinatzaile sozialetara zuzentzea eskatzen du. Osasun publikoaren eremuan izandako urteetako eskarmentuak berretsi egin digute ezen jokabide indibidualak aldatzera zuzendutako kanpainak (jarduera fisikoa sustatzea eta elikadura osasuntsua, esaterako) ez direla berez eraginkorrak herritarren osasuna hobetzeko (4). Alabaina, osasuntsuena hautatzen errazenekoa dena (edo hori hala izan dadila eskatzea erabakiak hartzen dituztenei) –barazki eta fruta freskoa izateko aukera erraztuz edo hiritik oinez edo bizikletaz ibiltzea sustatuz, esaterako– izan daiteke osasuna hobetzeko estrategiarik onena. Determinatzaile sozial horiei buruzko aipatu begirada justizia sozialaren kontu bat ere bada: osasun arloko desberdintasun sozialak modu ezberdinean daudenez banaturik herritarren artean, diferentziak sistemaz sortzen dira klase sozial, sexu, etnia edo bizitoki ezberdineko pertsonen arteko osasunean, beste faktore batzuen artean. Ondorioz, behar handieneko kolektiboek dute osasun egoera okerrena, modu sistematikoan eta gizarte guztietan. Alde horiek –osasun arloko desberdintasun sozialak deritzanak– bidegabeak dira, magnitude handikoak eta saihets daitezkeen gaixotasun eta sufrimenduak eragiten dituzte (ikus kapitulua, “Zer dira eta zergatik dira garrantzitsuak osasun arloko desberdintasun sozialak?”).
Bada, osasuna sozialki determinatzen den kontu bat da, neurri jakin batean politika publikoen eremuan, hain zuzen ere
Hortaz bada, osasuna sozialki determinatzen den kontu bat da, neurri jakin batean politika publikoen eremuan, hain zuzen ere. Hala erakutsi dute hainbat ikerketek erregimen politikoak herritarren osasunean dituzten eraginak kontuan hartuz aztertu izan dituztenean. Hala, politika birbanatzaile gehiago ezartzen dituzten gobernuak osasun arloko eta osasun ekitateko emaitza hobeagoekin lotzen dira (ikus “Osasunaren Determinatzaile Politikoak” kapitulua), eta ekonomia kapitalistak eta neoliberalak bultzatzen dituztenek, berriz, areagotu egiten dituzte desberdintasun sozialak, nabarmen gainera (5). Horrez gainera, badakigu ere hezkuntzan, osasunean, gizarte politikan, etxebizitzan eta enpleguan inbertsio handiena egin duten estatuek lagundu izan dutela modu eraginkorrenean osasuna hobetzen eta osasun arloko desberdintasun sozialak murrizten (ikus “Osasunaren Determinatzaile Politikoak” kapitulua). Aldiz, sektore publikora zuzendutako aurrekontuaren kaltetan sektore pribatuari laguntzera jo ohi duten programa politikoek frogatu dute garestiagoak direla eta ez, gainera, hain eraginkorrak –beraz, efizientzia gutxiago dute– herritarren beharrei erantzuteko orduan (6). Sektore publikoan ezarritako austeritate eta murrizketa politikek areagotu egiten dituzte argi eta garbi desberdintasun sozialak eta eragin kaltegarria dute osasunean, krisialdi ekonomiez haragokoak (7). Bukatzeko, eta espainiar eta europar testuinguruan egun ageri zaigun panorama politikoarekin estu loturik, egokia da azpimarratzea ezen ultraeskuindarren jarrera erradikalek, errealitatearen ezagutzari uko eginez edo desitxuratuz, pertsona askoren bazterketa soziala dakartela, ez dutela ezer ere egiten politika sozialaren eta osasun publikoaren alde, eta herritarrei osasunerako duten eskubidea ukatzen dietela (8).
Maite Morteruel
PDF artikulua jaitsi