Zer dira eta zergatik dira garrantzitsuak osasun arloko desberdintasun sozialak?

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Amaia Bacigalupe

Herritarren osasunari determinatzaile sozialen betaurrekoekin begiratzen badiogu, beste dokumentu batean (ikus  kapitulua “Zer dira eta zergatik dira garrantzitsuak osasun arloko determinatzaile sozial eta politikoak?” kapitulua) azaldu den bezala, ez digu soilik osasunaren “kausen kausak” ikusteko aukera ematen, baita pertsona batzuk beste batzuk baino osasun onarekin bizitzeko aukera gehiago eta talde zenbaitzuk beste batzuk baino probabilitate gehiago izatea dakartzaten faktoreak ere.

Osasun arloko desberdintasun sozialak modu ezberdinean daudenez banaturik herritarren artean, diferentzia sistematikoak sortzen dituzte klase sozial, sexu, etnia edo bizitoki ezberdineko pertsonen arteko osasunean, beste faktore batzuen artean. Ondorioz, behar handieneko kolektiboek osasun egoera okerragoa dute. Diferentzia horiei osasun arloko desberdintasun sozialak deritze, munta handikoak, bidegabeak eta saihesgarriak (1) dira eta, gainera, gaixotasun karga handiaren iturri dira. Hori dela eta, horiek murriztea litzateke herritar guztien osasuna hobetzeko estrategia onena nola eraginkorrena (2).

Osasun arloko desberdintasun sozialen agerpena eta banaketa zehazten duten faktore nagusiak zein diren azaltzen ahalegindu diren ereduen artean, Osasun Desberdintasunak Murrizteko Espainiako Batzordeak hartutakoa dago (3), 1. irudian erakusten dena. Ikusten denez, osasun desberdintzaileak egiturazko determinatzaileak eta determinatzaile ertainak deiturikoek baldintzaturik daude. Lehenengoek testuinguru sozioekonomiko eta politikoarekin lotutako alderdiak biltzen ditu, eta gizarte baten egiturazko ezaugarriei egiten die aipu. Gobernuen tradizio politikoez eta lan merkatuarekin, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin eta gizarte ongizatearekin lotutako ondoriozko politika makroekonomiko eta sozialez dihardu.

Testuinguru sozioekonomikoan gobernantza, gizartean nagusi diren balio sozial zein kultur arauak eta osasunari ematen zaion balio kolektiboa daude.

Testuinguru sozioekonomikoaren faktore horien artean daude, halaber, gobernantza, gizartean nagusi diren balio sozial zein kultur arauak hala nola eta osasunari ematen zaion balio kolektiboa. Testuinguruzko faktore horiek guztiek eragin handia dute gizarte estratifikazioaren patroietan, zeinak pertsonek gizartean duten posizioa zehazten baitute maila sozioekonomikoa, generoa, heziketa maila, jaiotza-tokia eta beste adierazle batzuk kontuan hartuta. Parekidetasunik gabeko egoera sozial horrek, bere aldetik, desberdintasunak dakartza determinatzaile ertainen banaketan, zeinak kontuan hartzen dituzte bizitza eta lan baldintzak, faktore psikosozialak –sare sozialen irismena eta kalitatea, estresa eta norberaren bizitzari buruzko kontrolaz den pertzepzioa, esaterako– eta osasunari lotutako jokabideak –alkohol edo tabako kontsumoa, elikadura edo jarduera fisikoa.

1. Irudia. Osasun Determinatzaileak Murrizteko Espainiako Batzordearen esparru kontzeptuala osasun arloko desberdintasunen determinatzaileen gainean.

Iturria: Osasun Desberdintasunak Murrizteko Espainiako Batzordea, 2010.

Osasun arloko desberdintasun sozialak zer diren eta nola sortzen diren azaldu ondoren, euren ezaugarri nagusiak errepasatuko ditugu azken urteetan aztertu izan dituzten saioen argitan.

  1.  Osasun arloko desberdintasun sozialak herrialde guztietan ematen dira eta gizarteko eskalaren gradiente modura. Desberdintasuna, gehiago edo gutxiago, gizarte guztietan ematen da, talde sozialen arteko harremanak hezurmamitzen dituen gizarte estratifikazioaren sistema antolatu gisa. Horren ondorioz, talde sozial ezberdinen osasun mailan duen eragina aztertu izan den toki guztietan azaldu izan da. Osasun arloko desberdintasunik handienak nabarmenagoak dira herrialde aberatsen eta herrialde txiroen artean, eta bizi-itxaropenean ematen den aldean azaltzen da, adibidez, era dramatikoan azaldu ere –Munduko Bankuaren datuen arabera, 2017an 54 urtekoa zen Sierra Leonan eta 82 urtekoa Japonian. Hala ere, bizitza arloko desberdintasun horiek ez dira soilik herrialdeen artean ematen. Garapen ekonomiko handiena duten herrialdeetan ere desberdintasun handiak ezkutatzen dituzte barnean herritarren bataz bestekoek, bai maila sozioekonomikoan, generoan edo horien guztien interakzioaren ondorioz. Horri buruzko adibide paradigmatikoa da Glasgow eskoziar hiria. Hiri horretan, eremu sozioekonomiko baxuenetan bizi diren gizonezkoen bizi-itxaropena 54 urtekoa da, eta eremu aberatsenetan bizi direnena, berriz, 84 urtekoa (4). Beraz, Glasgow-eko gizon txiroenen bizi-itxaropena Indiako gizonen batezbestekoaren azpitik dago. Gauza bera gertatzen da EEBBetako gizon txiroenekin, Pakistango batez bestekoaren baino baxuagoa baita euren bizi-itxaropena (5). Dela dela, arreta muturreko taldeen arteko desberdintasunetan bakarrik jartzen badugu arazoaren muin bat baino ez digu erakutsiko, alegia osasunean eta heriotza-tasan ematen diren desberdintasunak ez diela soilik eragiten gizarteko hierarkian posizio hobea edo okerragoa duten pertsonei bakarrik. Aitzitik, bizitzaren edo osasunaren arloko desberdintasuna populazio osoa zeharkatzen duen fenomeno bat da, eta, salbuespenak salbuespen, pertsonen osasunak eta ongizateak behera egiten du maila sozialean behera egiten den heinean, zapalduen edo baztertuen direnak izanik osasun arloko desberdintasunen ondorioak latzago pairatzen dituztenak. Osasunaren gradiente soziala deritza hori (6).
  2. Osasun arloko desberdintasun sozialek oso inpaktu handia dute. Gaixotasun sortzaile gisa osasun publikotik usadioz arreta handiagoa eskaini zaien beste arrisku faktore batzuekin alderatuz gero, desberdintasun soziala lehen mailako faktorea da zentzu horretan. EAEko 2001-2006 aldirako datuetan, kalkulatu zen erkidegoan izandako heriotzen %16 tabako kontsumoari zegokiola, baina heziketa mailako desberdintasunak zeudela heriotzen %21en atzean. Bestitzez esanda, EAEko pertsona guztiek erretzaile ez direnen heriotza arrisku bera izan balute, heriotzen %13 saihets zitekeen; eta, pertsona guztiek goi mailako heziketako pertsonen heriotza arrisku bera izan balute, berriz, heriotzen %21 saihets zitekeen, hots, 11 heriotza egunean (7). EAEn egindako beste ikerketa batek kalkulatutakoaren arabera, 2002 eta 2007 urteen artean hildako gizonezkoen 4.475 heriotza eta emakumezkoen 398 heriotza desberdintasun sozioekonomikoek eraginak izan ziren (7). Beste testuinguru batzuetan egindako azterlanek ere berretsi egin dituzte aurkikuntza horiek (8).
  3. Osasun arloko desberdintasun sozialak gorantz doaz, antza. Nahiz eta horri buruzko azterlanetan askotariko ondorioak azaldu diren, badira, antza denez, ebidentziak Europan talde sozialen artean den aldea handitzen ari dela diotenak euren bizi-itxaropenean eta osasun adierazleetan (9, 10). Laurogeita hamargarreneko hamarkadan Errusiatik heldutako datuen arabera –orduan eman zen desberdintasun sozialen igoera lar esanguratsua ekarri zuen erregimen politiko eta ekonomikoaren aldaketa–, izugarri gora egin zuten bizi-itxaropeneko desberdintasun sozialak, batik bat gizonen artean (11). Egitez, bizi-itxaropenak behera egin zuen heziketa maila baxueneko gizon eta emakumeen artean, eta nabarmen gora egin zuen, aldiz, goi mailako heziketak zituztenen artean. Euskal Autonomia Erkidegoan, osasun desberdintasunek bilakaera gorabeheratsua izan dute, aztertutako dimentsioa zein den: osasun oneko bizi-itxaropenaren desberdintasunek gora egin dute gizonen artean, eta behera egin dute, berriz, emakumeen artean. Tabako kontsumoaren gisako ohiturek bilakaera ezberdina izan dute sexuaren aldagaiaren arabera. Osasun arloko desberdintasunak, bere aldetik, gora egin zuten baina soilik gizarte estratifikazioko ardatz batzuetan, esaterako lan egoeran (12, 13, 14).
  4. Gobernuek abian jarritako politikek eragin dezakete osasun arloko desberdintasunetan. Izugarrizko aldeak daude herrialdeen osasun desberdintasunen arteko magnitudeetan, eta susmoa da politika publikoek horiek alda ditzaketela, horiek gutxituz edo handituz. Horren haritik, hainbat argitalpenek ongizate estatu motaren araberako profil bat azaltzen dute, zeinak Europako iparraldeko herrialdeak jartzen dituen abantaila handiagoko posizioan gainerakoen aldean, beti ez bada ere (15). Alderatzen hasita, ikusi da politika birbanatzaileak aplikatzen dituzten estatuek osasuneko eta osasun ekitatezko emaitza hobeekin lotzen direla; ildo neoliberalari jarraitzen diotenetan, berriz, handiagoak dira desberdintasunak (ikus “Osasunaren Determinatzaile Politikoak” kapitulua). Era berean, ikusten da politika publikoetan gehiago inbertitu duten gobernuek gehiago egiten dutela osasunaren eta ekitatearen alde, sektore publikoaren kaltetan sektore pribatuari gehiago laguntzen dietenen edo austeritate politikak aplikatzen dituztenen aldean (ikus  “Zer dira eta zergatik dira garrantzitsuak osasun arloko desberdintasun sozial eta politikoak?” politikoa).
  5. Osasun arloko desberdintasun sozialen murrizketa herritarren osasun maila hobetzeko modu efizientea da. Osasun arloko desberdintasun sozialak murriztera zuzendutako jarduerak talde sozial ezberdinek dituzten osasun beharretara zuzenduko dira, onura azkenean biztanleria osoarentzat delarik. Aurreko puntuan azaldu moduan, osasunean ematen den gradiente sozialak politika unibertsalak ezartzea eskatzen du, zeinak talde sozial bakoitzaren desabantaila sozialen araberako sakontasuna izan beharko baitute, hau da, gradiente multzo osoari zuzendutako jarduerak uztartzen dituen proportziozko unibertsaltasun bat, desabantaila handieneko taldeei arreta berezia eskaintzen diena, hain zuen (16).

 

PDF artikulua jaitsi