Osasunaren determinatzaile politikoak

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Anna Giné y Maite Morteruel

Politikak eragina du osasunean? Sistema politikoek eginkizun garrantzitsua betetzen dute gizarteen egiturazko ezaugarriak ezartzerakoan, eta beraz, gizarteen osasun determinatzaileetan (1). Herrialde bateko gizarte berdintasun –edo desberdintasun– maila da osasunean eragin nabarmena duen adibideetako bat. Izan ere, berdintasun handiagoaren aldeko ideologiako gobernuek politika birbanatzaileak bultzatzeko joera gehiago dute, eta emaitza hobeak ageri dituzte osasunean eta osasun ekitatean (2, 3). Ongizateko estatu ereduek osasun determinatzaileetan duten eragina ezin bada ere esan erabatekoa denik (4), ongizate eredu sendoak dituzten herrialdeak, hots, hezkuntzan, osasunean, gizarte babesean, etxebizitzan eta enpleguan inbertsio handiago egiten dutenak, eraginkorragoak dira osasuna hobetzeko eta osasun arloko gizarte desberdintasunak murrizteko euren eginkizunean (5, 6). Esate baterako, Europa hegoaldeko nazioetan klase sozialaren araberako desberdintasun handiago ageri ohi dira eskandinaviar herrialdeen aldean emakumeen osasunean, lan egiten dutenen buruko osasunean (7), hala nola norberagan antzemandako osasun txarrean zein arazo kronikoetan (8).

Osasun ekitate handiago lortzeko (9) eta osasun emaitza hobeagoak (10) izateko horren ezaguna ez den alabaina garrantzi handikoa den alderdi bat, izan, herrialdeek euren gobernamendurako erabakitako gobernu motek betetzen dituzten eginkizunak dira, eta euren sistema politikoen eta nahiz erakundeen kalitate demokratikoa. Hala, beheko irudietan ikus ditzakegu nola biztanleria baten osasun mailaren berri ematen duten adierazleak, bizitza itxaropena edo haurren zein amen hilkortasun tasa esaterako, hobeagoak diren eskubide politikoen eta askatasunen maila handiagoa bermatzen duten herrialdeetan. Halaber, ikusi da eragin hori herrialde baten aberastasun maila, berdintasun -edo desberdintasun- maila edo egiten duen gastu publikoa edozein dela ere gertatzen dela (11).

1.irudia.  170 herrialdetako osasun adierazleak herritarren diru-sarreren maila (Munduko Bankua) eta herrialdeen eskubide politikoen eta askatasun zibilak Freedom House) kontuan hartuta, 1998.

 

Hori nola izan daiteke? Konplexuak dira hori azaltzen duten mekanismoak, baina bistan dago kalitate demokratiko oneko sistema politiko batek lagundu egiten duela modu ekitatiboan banatzen baliabide ez materialak (12). Baliabide ez materialen birbanatzeak uxatu egiten ditu goitik beherako botere harremanak eta kapital soziala sortzen laguntzen du, hau da, konfiantzazko eta elkarrekikotasuneko harremanak gauzatzen laguntzen du, zeinak, bere aldetik, gizartearen kohesioa, garapena eta ongizatea bultzatzen baitute (12, 13) . Bestalde, demokraziaren gauzatzeak, esan nahi baita eskubide politikoen (hauteskundeak, alderdi eta sindikatuen askatasuna…) eta askatasun zibilen (prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna, elkartzeko, erlijiorako eta heziketarako askatasuna…) gauzatzeak herritarren ahalduntzea adierazten du. Demokrazia indartsuak dituzten sistema politikoek maila guztietako erabakiak modu hartzailean, inklusiboan, parte-hartzailean eta ordezkagarrian hartzera bultzatzen dute, eta baita harreman ekonomiko, sozial, politiko eta kulturaletan askatasunez parte hartzera ere.

Parte hartzeko bide formalak eta ez-formalak erabiliz bizitza politikoan herritarrek duten parte hartzea aztertzean aurkitzen dugu horren adibide bat, kapital sozialaren eta herrialde bateko demokrazia ordezkagarriko sistemaren kalitatearen seinale baita. Izan ere, Europa hegoaldeko herrialdeetan –ibilbide demokratiko laburragokoak izaki, eta hori, gainera, kalitate gutxiagokoa beste herrialdeetakoen aldean– politikarekiko atxikimendu falta handiagoa erakusten dute, erregimen politikoari buruz duten pertzepzioa eraginkortasun ezarekin lotzen dutelarik eta, ondorioz, hori aldatzeko inplikazio ezarekin (14). Espainiako estatuan, ikusi da hauteskundetan herritarren abstentziorako joera batez ere gizarte bazterkeria ageri den eremuetan gertatzen dela, zeinean handiago baita politikaren eraginkortasun faltaren pertzepzioa (15). Ondorioak dakartza horrek osasunera, eta halaxe erakutsi izan dute, esaterako, komunitate bateko kapital sozialaren (besteak beste, bizitza sozialean eta politikoan inplikatzea dakar) eta hilkortasunaren artean den loturak (16).

Halaber, sistema politikoen kalitate demokratikoak, baliabide materialak eta ez materialak birbanatzeko elementuak txertatuz, oinarriak ezartzen ditu bere jarduerak osasunaren hobekuntzara zuzenduko dituen gobernantzarako (Ikus “Osasunaren Gobernantza eta Osasunaren Determinatzaile Komertzialak” kapitulua).

 

 

PDF artikulua jaitsi