Immigrazioa eta osasuna

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Yolanda González-Rábago eta Unai Martín

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) (1)  Osasun Determinatzaile Sozialen kontzeptuzko ereduan, arraza/etnizitatea herritarren osasuna aztertzean kontuan hartu beharreko desberdintasun ardatz bat da. Egitez, etorkin populazioaren osasun egoerari buruzko hamaika ikerketek erakutsi dute jaiotze-tokia desberdintasun nagusietako bat dela herritarren osasuna aztertzean, bai estatu mailan bai nazioarte mailan (2, 3).

Maiz, hiru ikuspegi erabiltzen dira etorkinen osasuna azaltzeko (4). Lehenik eta behin, ikerketa arlo bat etorkinen jatorriko gizartearen ezaugarriak aztertzera zuzentzen da, eta horko eredu epidemiologikoari, ingurumeneko arrisku-faktoreei edo bere baldintza kultural edo sozialei erreparatzen die; horiek lirateke etorkinek jomuga gizarteko bertako jendeak baino osasun okerragoa dutenaren adierazleak. Bigarren ikuspegiak, arreta migrazio prozesuan bertan jartzen du, eta lekualdatzeari eta jatorrizkoaren aldean ezberdina den bizileku batean ezartzeari lotutako faktoreak aipatzen ditu, hala nola ahitze fisikoa edo emozionala, batez ere migrazioa legez ezarritako bideetatik kanpo edo igarotzen ari den herrialdeetan iraupen luzeko lekualdatzeak eginez burutzen bada, eta baita deserrotzetik eratorritako arriskuak edo migratzearen zioz inguru pertsonal eta sozialean ematen den aldaketak sortutako estresak. Hirugarren ikuspegian, etorkinen osasunari buruzko ikerketa, hain zuzen, jomugako gizartearen ezaugarrietan eta testuinguru horretan etorkinek dituzten bizi baldintzetan oinarritu da. Ikerketa eremu horretan, arreta jartzen da etorkinek izan ohi dituzten bizi-baldintza kaskarrek euren osasunean duten eraginean, eta baita horiek nola azaltzen dituzten bertako herritarren aldean dituzten desberdintasunak, nabarmentzen direnak ez direlarik soilik faktore materialak, hala nola laneko baldintzak edo etxebizitza, baita legearekin –dokumentazioa, esaterako– edo faktore psikosozialekin –bereizkeria edo gizarte babesa– zerikusia dutenak ere.

Etorkin etorri berrien osasun egoera hobea da bertako herritarrena baino, baina okerrera egiten du denboran aurrera egin ahala

Azken arlo horrek du garrantzirik handiena migrazio fenomenoari lotutako osasuna eta osasun desberdintasunak aztertzean eta, egitez, badakigu bizitokian daraman denbora dela horiek ulertzeko elementu nagusia. Ikerketa ugarik azaldu dute “osasun oneko etorkinaren efektua” izenekoa. Horren arabera, etorkin etorri berrien osasun egoera hobea da bertako herritarrena baino, baina okerrera egiten du denboran aurrera egin ahala (5, 6, 7, 8). Gauza jakina da migratzen duten pertsonak gazteak eta osasuntsuak izan ohi direla, eta agerikoa da baita jatorriko herrialdeetan etorkinek osasun hobea dutela jatorriko gainerako herritarren aldean, “healthy worker” deitzen den balizko hautapen-lerrabide bat adieraziz.

Hala, bai estatu mailan bai nazioartean burutu diren azterlan gehienek garbi erakusten dute etorkinen eta bertako herritarren artean osasun arloan den desberdintasuna, etorkinen osasun okerrago hori murriztuz badoa ere kontuan hartzen hasten denean bi herrien artean faktore sozioekonomikoak desberdin banatzeak dakartzan ondorioak (3, 10). Gainera, bereizkeria, arrazismoa eta gizarte-babes urria erabakigarriak izaten dira osasun desberdintzaileetan (2, 11, 12).

Espainian, ikerketa ugari burutu da jada etorkinen osasunari buruz eta bertakoekin alderatuta ematen diren desberdintasunei buruz, eta, zenbaitetan, osasun hobea ageri dute (6) eta bizi-ohitura hobeak dituzte (13, 14); beste ikerketa batzuk, ordea, emaitza okerragoak antzematen dizkiete norberaren osasunari buruzko balorazioan (2, 10) eta osasun mentalean (15, 16). Ikerketa gehienek erakusten dute desberdintasunak ematen direla osasunean, baina horiek desagertu edo, are, norabidez aldatzen direla faktore sozioekonomikoen efektua neutralizatzen bada (10, 17). Beste faktore garrantzitsu batzuk ere aipatzen dituzte biztanleriaren bi sektore horien artean ematen diren desberdintasunak ulertzeko, eta hauek dira: gizarte laguntza (18), bizitokian daraman denbora (14, 19), laneko ezaugarriak (2), eta euren jatorriko herrialdeen aberastasun maila (17, 20).

Ildo horretan, kontuan hartu beharrekoa da etorkin kolektiboaren barruan den jatorri aniztasuna. Aztertzen diren etorkin taldeen jatorriko herrialdeek soslai soziodemografiko ezberdinak erakusten dituzte, abiaburuko eta helmugako baldintzak berberak ez dituztenez ezberdintasunak nabari baitzaizkie euren osasun egoeran, eta bertako herritarrekiko desberdintasunak argituko dituzten azalpen ezberdin batzuen aurrean geundeke. (10, 15, 17).

Etorkinek hainbat langa lituzkete osasun arretarako sarbidean

Etorkinen osasun egoeraren azterketaz eta horien faktore determinatzaileez gain, analisi eremu oso garrantzitsua da ere herritar multzo horrek osasun zerbitzuetarako duen aukera horretan bertako herritarrekin alderatuta ematen diren desberdintasunak. Horren haritik, etorkinek hainbat langa lituzkete osasun arretarako sarbidean, batetik, etorkin taldeen euren ezaugarriengatik eta, bestetik, osasun zerbitzuei buruzko faktoreengatik (21). Egun, egiturazko langatzat dira osasun aseguramendurik eza eta botiken kostu handia –osasun sistema ez unibertsaletan–, eta baita osasun sistemaren antolakuntzazko alderdiak ere (22).

Ikerketa koalitatibo zenbaitzuk zerbitzuetara sartzean, sarbidean eta erabilpenean diren langak (esaterako, nahiko informaziorik ez izatea eskura, distantzia luzeak, itxaron denborak eta langileen aldetiko jarrera) aipatzen dituzte, eta etorkin jendearen hainbat alderdiri ere erreparatzen die (sistemari buruzko ezagutza urria, garraioa edo botikak ordaintzeko zailtasunak, zerbitzuetara jotzeko ezintasuna laneko baldintza eskasengatik lanorduekin bateragarri ez izateagatik, eta hizkuntza ez ezagutzea) (23). Langa modura identifikatutako beste faktore bat, berriz, lotuta dago erabiltzaile horiek tratatzen dituzten profesionalen aurreiritzi eta zalantzekin. Ildo horretan, osasuneko profesionalen artean zabaldurik den irudipen bat aipatzen da, uste baitute etorkinek osasun zerbitzuak gehiago erabiltzen dituztela bertako herritarrek baino (24). Baina herrialde industrializatu batzuetan berriki burututako berrikusketa batean erakusten denez, etorkinek, oro har, gutxiago erabiltzen dituzte osasun zerbitzuak bertako herritarren aldean, erabilpen eredu ezberdinak hauteman baditu ere, asistentzia mailari eta pertsonen jatorriari lotutakoak (25).

Espainiako estatuan, zenbait ikerketek erakusten dute etorkin jendeak bertako herritarren antzeko erabilera egiten duela Lehen Mailako Arretaz, alabaina bertakoek baino gutxiago erabiltzen dutela arreta espezializatua (26, 27). Aipatu egoera, oro har, krisi ekonomikoa baino lehenagokoa da, eta beraz, 16/2012 Errege Dekretuaren (zeinak egoera irregularrean ziren pertsonak osasun arretatik baztertzen baitzituen) aurrekoa. Hala, osasun sistema aurrerapenak ematen ari bazen ere etorkinen osasuna babesteko eta haien osasun zerbitzuetarako sarbidea izateko hobekuntzan (23, 28), orduan ere baziren oztopoak herritar sektore horrentzat osasun zerbitzuetarako sarbidean. Eta ordutik izan diren aldaketa ekonomiko eta legegintzazkoekin, oztopo horiek baliteke areagotu izatea, nahiz eta oraindik ez dagoen gai horri heltzen dioten azterlan askorik (23, 29). Sarbide horretarako diren oztopoak, usadioz, etorkin jendearen ezaugarrietatik begiratuta aztertu izan dira, eta gutxik aztertu dituzte sarbideko determinatzaile horiek osasun zerbitzuen ezaugarrietatik begiratuta (23, 30).

 

PDF artikulua jaitsi