Mireia Utzet eta Erika Valero
Gizarte garaikideetan, ordaindutako lana izateak osasuna eta pertsonen egitura psikiko eta sozialak eratzeko eta antolatzeko ezinbestekoak diren baliabideak –materialak zein sinbolikoak– izatea ahalbidetzen du. Langabeziak eta lan ezegonkortasunak, aldiz, arriskuan jartzen dute pertsonen osasuna. Langabeziak eragotzi egiten du baliabide horietarako aukera, duen izaeragatik beragatik; dena dela, ordaindutako lanak ere ez du, berez, hori beti bermatzen. Ildo horretan, lan egiteko modu estandarrarekin alderatuta –mugagabea, lanaldi osokoa eta lan-eskubide batzuei lotua– ezohikoak direnak joan dira agertzen eta hedatzen azken hamarkadetan, eta ikusi da horiek ere eragin negatiboa dutela langileen osasunean. Lan egiteko ezohiko modutzat ditugu ezen dituzten ezaugarriengatik (behin-behinekotasuna, soldata baxu izatea, lan-eskubiderik eza, etab.) ezegonkortasun eta prekarietate soziolaborala dakartzatenak. Gaur egun, lanaren, langabeziaren eta osasunaren arteko harremana azaldu eta ulertzeko ezinbestean aztertu beharra dago lan ezegonkortasunaren eta osasunaren artean ematen den lotura (1, 2).
Lan eta enplegu baldintzak osasuneko desberdintasun sozialen determinatzaile bat dira. Benach, Muntaner eta bestek (3) bi eredu teoriko nagusi aurkezten dituzte, makroa eta mikroa. Lehenengoan (ikus 1. grafikoa), lan harremanak makroegiturazko testuinguru baten barruan aztertzen dira. Eredu horretan, Merkatuaren (sindikatuak, enpresak, erakundeak), Gobernuaren eta Gizarte Zibilaren (komunitate-elkarteak) arteko botere politikoaren banaketak eragina du lan egiten duten pertsonengan, bitarteko faktore batzuk gorabehera. Hala, botere politikoa duten erakundeetatik bultzatutako politikek lan merkatuan eragin dezakete, onerako nola txarrerako, eta baita ere, beraz, enplegu eta lan baldintzetan, zeinak erabakigarriak baitira langileen osasun desberdintasunak ulertzeko.
1 Grafikoa: Botere harremanen eta osasun desberdintasunen makroegiturazko eredua
![]() |
Iturria: Benach et al. (2013) (4)
Mikroegiturazko ereduak (ikus 2. grafikoa) elkar lotzen ditu enplegu baldintzak (horien artean daude langabezia eta lan ezegonkorra), lan baldintzak (arrisku faktoreak, zeinak izan baitaitezke fisikoak, kimikoak, ergonomikoak edo psikosozialak) eta osasun alorreko desberdintasunak (hiru mailatan sortutakoak: konduktuala, psikosoziala eta fisiopatologikoa). Interrelazio horiek “desberdintasun sozialeko zeharkako ardatz” multzo batek –maila sozio-ekonomikoa, sexua, etnia, migrazio-estatusa eta adina biltzen dituena– zeharkatzen ditu, eta horiek argitu dezakete, zuzenean edo zeharka eta hainbat mekanismoren bidez, osasun alorreko hainbat desberdintasun.
2 Grafikoa: Enplegu baldintzen eta osasun desberdintasunen mikroegiturazko eredua
Iturria: Benach et al. (2013) (4)
Lan prekarietatea eta enplegurik eza oso estu lotuta daude; izan ere, langabezia-tasa handia egonez gero murriztu egiten da langileen negoziaziorako ahalmena eta kalitate eskaseko lanei bizkar emateko aukera, eta, oro har, handitu egiten da enplegu prekarietatea (5). 2008an sortu zen krisi ekonomiko eta sozialak handitu egin zuen langabezia-tasa Europa osoan (6), eta baita lan prekarietatea ere (aldi baterako lana eta lan informala) (7). Hainbat azterketek erakutsi dute lan ezegonkorrek edo kalitate txarrekoek eta lanik ezak eragin negatiboa dutela osasunean (8, 9, 10), eta are edozein lan izatea ez dela lanik gabe egotea baino hobea (10, 11). Lanik ezak eta lan prekarietateak osasunean duten ondorio nagusiei buruz literatura zientifikoan jasoa dena azaltzen da ondoren.
Langabezia eta osasuna
Langabeziaren eta osasunaren arteko lotura ikerketa ugaritan aztertu izan da. Hala eta guzti, oraindik ez dago garbi zein diren lotura hori eragiten duten mekanismoak. Hainbat eredu teoriko (12, 13) proposatu izan dira hori azaltzeko, eta bi multzo handitan banatzen dira, funtsean: Lehenik, gabeziaren teoriak, gabezia ekonomikoaren eredua kasu, zeinak langabezia arazo psikologikoekin lotzen baitu ahalmen ekonomikoan gertatzen den galeragatik, osasun onerako aurrebaldintzak (13, 14) hankaz gora jarriz. Mota honen barruan dago baita ezkutuko funtzioen teoria (15, 16), zeinak azaltzen baitu behar psikologikoekin bat datozen ezkutuko funtzio batzuk (denbora-egitura, harreman soziala, norbanakoaren estatusa zein nortasuna, proposamen kolektiboetan parte hartzea) sustatzen dituela lanak. Bigarrenik, agentziaren teoria, zeinak osasunean eragiten diren ondorio negatiboak azaltzen ditu lanik gabe geratzen den norbanakoaren bizi-estrategiak eta bizitzako planak etetearen zioz (17). Langabeziaren eta osasunaren arteko lotura, gainera, hainbat faktorek baldintzaturik dago, hala nola etxeko egoerak eta gizarteak ematen dion babesak (15), generoak (18), adinak (19, 20), pertsonaren klase sozialak edo langabeziaren iraupenak (12), eta ezberdina da herrialdeen arabera, horietan diren egoera ekonomiko eta sozialengatik.
Argitalpen ugari daude langabezia edozein arrazoirengatiko hilkortasun-tasarekin lotzen dutena (21, 22), batik bat gizonen artean, eta baita gaixotasun kardiobaskularrekin eta alkohol kontsumoarekin ere (22, 23). Horrez gain, azaldu dute hipertentsio arterial eta hiperkolesterolemia gehiago ageri dela langabeen artean (23). Bere buruaz beste egitearen ziozko hilkortasun-tasari dagokionez, berriz, langabezia (iraupen luzekoa) arrisku-faktore bat dela dirudi (24). Frogaturik geratu da langabeziaren igoera azkar eta esanguratsua lotuta dagoela lan egiteko adinean diren gizonezkoen artean suizidio-tasa handitzearekin (23). Krisia hasi ondoren argitaratutako ikerketa batek erakutsi zuen bere buruaz beste egindako 4.884 “gehiegizko” heriotza gertatu zirela 2009. urtean 54 herrialdetan, ordura arte ematen zen joerarekin alderatuta. Ez hori bakarrik, heriotza horien gorakadarik handienak langabezia gehien igo zen herrialdeetan eman ziren (25).
Norberaganako osasun pertzepzioari buruz, ugariak dira baita lanik gabeko pertsonek osasunaz duten pertzepzio txarra erakusten duten ikerketak (26). Norberagan hautemandako osasunean langabeziak duen eragina aldatu egiten da hainbat aldagairen arabera: sexua, adina, ikasketa maila, etxeko errenta maila, etab. Aurkikuntza sendoa dirudi hautemandako osasunean lanik ez izateak efektu negatiboagoa duela eskulanetan aritzen diren pertsonengan eta sendotasun eskaseko gizarte sareak dituztenengan. Ekologia alorrean ere jaso izan dute langabeziaren eta osasun txarraren artean ematen den lotura, eta langabezia-tasa altua osasun mentalaren okertzearekin lotzen da (27).
Horrez gainera, langabetuen artean euren osasunerako arrisku-faktore gehiago ageri dira lana dutenen aldean: tabako, alkohol eta bestelako drogen kontsumo handiagoa (28), obesitate gehiago (29), inaktibitate handiagoa eta fruta eta barazki kontsumo gutxiago (30). Langabeziaren eta osasuneko faktore-arriskuen arteko lotura hori bereziki adierazgarria da langabezian diren gazteengan (20).
Azkenik, sarrienik aztertu direnen artean dago langabeziak buruko osasunean duen eragina, suizidioak alde batera utzita. Ildo horretan, ikusi da langabeziak areagotu egiten duela depresioa izateko arriskua (31) eta baita buruko osasuneko bestelako arazo batzuk ere, sintoma somatiko eta psikologikoekin batera (32).
Prekarietatea eta osasuna
Lan prekarietatearen eta osasunaren arteko lotura azaltzeko, batez ere hiru alderdi hartu dira kontuan. Egoera kaskarretan lan egiten dutenek aukera gehiago dute osasunerako arrisku fisiko eta psikosozialak dakartzaten lan baldintzak pairatzeko (33, 34). Lan prekarioak, gainera, zerikusia du langileek euren bizitzaren (profesionala) gainean duten kontrol ezarekin, eta estres maila handitzea dakar horrek. Azkenik, lan prekarietateak ondorioak ditu lan esparruaz harago ere, hots, norbanakoen eremu pertsonal, familiar eta materialean (35).
Alor honetako ikerketaren erronka nagusietakoa, izan, lan prekarietatea garbi zer den zehazteko zailtasuna da, osasunaren determinatzaile sozial bat izatea alde batera utzita (1). Gaiari egin zaizkion hurbilpen teoriko nagusienak dimentsio bakarrerako kontzeptualizazioetan oinarritu dira hori azaltzeko, hala nola lanean hautemandako segurtasun eza, aldi baterako lana eta enpresen berregituratze prozesuak. Lan prekarietatea, ordea, harago doa, eta dimentsio anitz hartu behar dira kontuan hori azaltzeko (1, 8), tartean laneko segurtasun eza, soldata baxuak, eskubideen eta gizarte onuraren falta, edo zaurgarritasuna.
Lan istripuak izateko arriskuen gorakadak, gaixotasun psikiatrikoen tasa handitzeak eta gaixo egonda ere kaleratzearen beldurragatik lanera joateak (presentismoa), osasunari ondorio negatiboak dakarzkiolarik epe luzera, begibistan utzi dute aldi baterako lanak osasunean duen inpaktua (34, 36). Bestalde, lanean nozitutako segurtasun eza buruko eta gorputzeko osasun txarrarekin lotu izan da, dosia-erantzuna efektua azaleratuz. Azaldu izan denez, lotura du gaixotasun koronarioekin ere, horren maila estuan ez bada ere (37). Lan bat baino gehiago duten langileek edo aldi baterako enpresa batek kontratatutakoek lan istripua izateko arrisku handiago ageri dute (38).
Laneko malgutasun eta prekarietatea aztertzeko dimentsio anitzeko ikuspegiak erabiliz egindako ikerketek osasun fisikoan eta, batez ere eta modu jarraian, buruko osasunean nola eragiten duten erakutsi dute (8, 39, 40).
PDF artikulua jaitsi