Covid-19ak eragindako pandemiak desparekotasun sozialak areagotu ditu osasun arloan

Arloak:

PDF artikulua jaitsi

Marta Jiménez

2023ko urtarrilaren bukaeran, mundu mailan berretsitako koronabirus kasuen kopurua 664 milioikoa zen, eta hildakoen kopurua 6,7 milioikoa (1). SARS-CoV-2a (edo COVID-19a, gaixotasunaz ari bagara) ez da birus soil bat, transmisioa, patogenia, hilgarritasuna eta bestelako ezaugarriak dituena. Horrez gain, testuinguru historiko zehatz batean ondorioak izan dituen fenomeno sozial eta politiko bat ere bada, pertsona/lekua/denboraren arabera patroi ezberdinak dituen osasun-krisia eragin duena eta kontrol-neurriak behar izan dituena, inpaktu sozial eta ekonomiko handikoak eta desparekotasunez beteak. Alegia, SARS-CoV-2 birusak ez du desparekotasun sozialik kontuan hartzen, baina COVID-19ak, fenomeno sozial eta politiko gisa, ondo daki zer diren desparekotasunak.

Pandemia honek “mundu-mailako larrialdi konplexu” (2) deritzonaren ezaugarriak bereganatu ditu. Termino horrek jendarteen adostasun kultural, politiko eta ekonomikoetan inpaktua duten krisiak definitzen ditu, iraupen luzea eta mundu-mailako hedapena dutenez, ziurgabetasun handia eragin dutenak haren definizioan eta kudeaketan. Pandemiak berezko duen konplexutasuna islatu egiten da ere sindemia (3) gisa definitzean, zeinak azpimarratzen baitu desparekotasun sozialak gainezarri egin direla, bai gaixotasunak izan duen inpaktuan eta hainbat talde sozialengan izan dituen ondorioetan, bai gaixotasuna geldiarazteko hartu diren neurri politikoen inpaktuan (4). Laburbilduz, COVID-19aren pandemia sindemikoa izan da, desparekotasun sozialen mapa berri bat marraztu duelako osasun arloan, bere alderdi guztietan eta estratifikazio sozialeko hainbat ardatzen arabera.

Birusarekin edonor kutsatu daitekeen arren, gero eta ebidentzia handiagoa dago erakusten duena pandemiak inpaktu handiagoa izan duela, eta oraindik ere baduela, biztanleria-talde babesgabe eta minoritarioenetan (5). Pandemiaren lehen hilabeteetan, arduradun politikoek zein komunikabideek mantra baten moduan errepikatu zuten birusak berdin eragin zezakeela guztiongan, eta interdependentzia-kontakizun bat sortzen saiatu ziren. Baina kon- takizun horretan ahaztu egiten zuten COVID-19aren pandemiaren banaketak eta ondorioek patroi sozialak jarraitzen zituztela, desparekotasun-ardatzen araberakoak (generoa, klasea edo etnia), gainerako infekzio eta gaixotasunekin gertatzen den bezala, ekidin daitezkeen desparekotasun sozial bidegabeen ondorioz (6, 7).

Maila sozioekonomikoaren, generoaren edo etniaren araberako inpaktu ezberdinak lotura dauka osasunaren determinatzaile sozialek osasun-gaixotasun continuumean duten inpaktu ezberdinarekin. Osasunaren determinatzaile sozialen markoa pandemiaren egoerara egokitzean (1. irudia) (8), kontuan hartu beharreko lehenengo gauza da, hasieran esan bezala, koronabirusa ez zela testuinguru neutroan “agertu”. Epidemia guztiak testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko zehatz batean sortzen eta hedatzen dira, eta “epidemia-substratua” dei daitekeena eratzen dute (9).

1.irudia: OMEren osasunaren baldintzatzaile sozialen eredua COVID-19aren pandemiara

Iturria: VásquezVera H, et al. Inequities in the distribution of COVID-19: an adaptation of WHOs conceptual framework. Gac Sanit. 2.021. https://doi.org/10.1016/j.gaceta.2021.10.004

Mundu-mailan hainbat zapalkuntza-sistema daude, hala nola kapitalismoa, patriarkatua eta neokolonialismoa (1. irudia). Zapalkuntza-sistema horiek botere-egiturak indartu eta bazterkeria sozialeko egoerak sortzen dituzte, Ipar-Hego globalaren arteko desparekotasun argiak dituztenak. Zapalkuntza-sistema horiek elkarri eragiten diote osasunaren egiturazko determinatzaile sozialen maila guztietan eraginez, hala nola makroekonomia- eta ingurumen-politiketan, ongizate-estatuan edo lan-merkatuan (10), eta estratu sozial desberdinetan banatzen gaituzte (generoaren, etniaren, posizio sozioekonomikoaren eta abarren arabera). Jendartean dugun posizioak baldintzatu egiten ditu hainbat zirkunstantzia material eskuratzeko ahalmena (bizi-baldintzak, enplegua, etxebizitza, etab.), faktore sozialak eta osasun-sistemarako sarbidea (horiek guztiak tarteko determinatzaile deituak), eta horrek osasun hobea edo okerragoa izatea ekarriko digu, baita modu intersekzionalean hobeto edo okerrago osatzeko aukera ere (11, 12).

Gaixotasun batzuen kasuak, une eta lurralde jakin batean, ezaugarri indibidualekin erlazionatuta egon daitezke, baina populazio batek beste batek baino intzidentzia handiagoa izatearen arrazoia ez da banakoen artean ezberdintasunak daudela, baizik eta, Rose (13) epidemiologoaren hitzetan, “biztanlerian osotasun gisa jarduten duten” eragin masibo deiturikoak daudela. COVID-19aren gaixotasunaren kasuan, baldintza sozialek azaltzen dute intzidentziaren banaketa bidegabea eta hilkortasuna.

COVID-19aren osasun krisia eta beste krisiak

COVID-19aren osasun-krisia beste krisi batzuekin gurutzatu da (ekonomiko-soziala, politikoa, klimatikoa, zaintza-krisia), 2. irudiak erakusten duen bezala. “Krisien krisi” baten testuinguru horretan sortzen dira desparekotasun sozialak COVID-19arekin.

2.irudia: COVID-19aren osasun krisia eta beste

Iturria: A. Bacigalupe (moldatua).

 Desparekotasunen eragileak COVID-19an

COVID-19ak eragindako infekzio eta errekuperazio-zikloan (edo ez) zehar sortzen diren puntuetan gehiago sakonduz (3. irudia), antzeman daiteke desparekotasunak eragiten dituzten oinarrizko bi puntu daudela: birusarekiko esposizio diferentziala eta gaixotasunaren eraginekiko eta tratamenduarekiko zaurgarritasun diferentziala. Ezberdintasun horiek desparekotasunak sortzen dituzte gaixotasunaren intzidentzian, ospitalizazioetan eta hilkortasunean.

3.irudia: Desparekotasunen eragileak COVID-19an

Iturria: Jiménez Carrillo Marta, Gullón Pedro, Bilal Usama. Marco conceptual para comprender las desigualdades por COVID19. Revista de estudios vascos Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria. RIEV, ISSN 0212-7016, Vol. 67 Nº. 1, 2.022, págs. 11-20

Arrisku diferentziala COVID-19aren esposizioan

 SARS-CoV-2 birusarekiko esposizioa eta, beraz, COVID-19 garatzeko aukerak egoera sozioekonomikoaren araberakoak izan dira, eta hala da oraindik ere. Munduko hainbat herrialdetan, Espainian barne, egindako ikerketek frogatu dute COVID-19aren intzidentzia metatua (IM) handiagoa izan dela posizio sozioekonomiko baxuagoa duten auzoetan eta pertsonengan (14,15, 16). Hori hainbat lekutan esposizio handiagoa izatearen ondorio izan daiteke, batez ere lan-eremuan eta etxean.

Lan-eremuari dagokionez, telelana egiteko aukera eta funtsezko lan deiturikoen banaketa klase sozialaren araberakoa da, eta horrek gaixotasunarekiko esposizio handiagoa dakar. Gainera, lan informalak ekonomiaren eta lan-merkatuaren zati esanguratsu bat ordezkatzen du herrialde askotan, batez ere hegoalde globalean, eta pandemian zehar are zaurgarritasun handiagoa eragin du esposizioagatik eta prekaritateagatik. Horrek inpaktu negatibo handia izan du diru-sarreren, segurtasunaren, lan-osasunaren eta, oro har, lan baldintzen egokitzapenean, Lanaren Nazioarteko Erakundeak berriki egindako txostenean (17) adierazten duen moduan. Hori ere ikus daiteke Madrilgo mugikorta- sun-datuei begiratuta; izan ere, pandemiaren lehen hilabeteetan, mugikortasunari lotutako desparekotasunek gora egin zuten; hala, gabezia handienak zituzten auzoek mugikortasun handiagoa izan zuten konfinamendu bitartean, lanerako joan-etorriei lotuta (18).

Era berean, etxebizitzen baldintzek SARS-CoV-2 birusarekiko esposizio handiagoa ekar dezakete, etxebizitza batean kutsatzeko aukerak lotuta daudelako berrogeialdia eta isolamendua espazio aski zabal batean egiteko aukerekin (19). Izan ere, AEBetako hiru hiritako auzoetan egindako ikerketei esker ondorioztatu da pilaketa-egoeran (logela bakoitzeko lau pertsona baino gehiago) dauden etxe gehien dituzten auzoek gaixotasun-intzidentzia handiagoa zutela (20). Latinoamerikako hainbat herrialdetan (21) egindako ikerketa zabal bati esker frogatu da lotura dagoela COVID-19ak eragindako gehiegizko hilkortasunaren eta pilaketen artean. Beste ingurune batzuetan, bereziki kokaleku informal asko dauden hirietan, iturriko urik ez izatea oztopo handia da eskuen higiene egokia lortzeko, eta hori funtsezko beste faktore bat da birusaren hedapena prebenitzeko. Mexiko Hiriko barruti batean, adibidez, antzeman zen COVID-19aren intzidentzia askoz handiagoa dela maila sozioekonomiko handiagoko beste barruti batzuen aldean; azken horiek uraren udal-sarearen konexio askoz gehiago dute (22).

Genero-ikuspegitik, esan daiteke birusarekiko emakumeen esposizioa neurriz kanpokoa izan dela, hein ba- tean daukaten zaintzaile rol nagusiagatik, bai familia-ingurunean, bai osasun-arretaren lan-eremuan. Lanbideari dagokionez, COVID-19aren aurkako borrokan lehen lerroan dauden funtsezko langile gehienak emakumeak dira: NBEren 2020ko apirileko txostenaren arabera, mundu-mailako osasun-langileen %70 emakumeak dira (23), eta Euro- par Batasunean, sektore soziosanitarioko eta zaintzako langileen %76 emakumeak dira (24) (zehazki, osasun-zerbitzuetan %86, eta etxeko zaintzetan eta etxeko garbiketan %95). Espainiako Estatistika Institutuaren eskuragarri dauden 2019ko azken datuen arabera, kolegiatutako 877.361 osasun-langile zeuden, %68 emakumeak eta %32 gizonak (25).

COVID-19aren prebentzioarekin eta esposizio txikiagoarekin lotutako beste faktore garrantzitsu bat lotuta dago ura eskuratzeko aukerarekin. Stockholmeko Uraren Nazioarteko Institutuaren (26) datuen arabera, emaku- meak eta neskatoak arduratzen dira ura biltzeaz, administratzeaz eta hornitzeaz, batez ere hegoalde globaleko herrialdeetan, baina baita maila sozioekonomiko handieneko herrialdeetako zona zaurgarrietan ere. Pandemian, edateko ez ezik, garbiketarako, eskuen higienerako eta gaixorik dauden pertsonak zaintzeko baliabide garrantzitsua izan da, eta emakume askok beren etxeetan ura bilatzeko eta hornitzeko ardura izan dute. Ura hornitzeko behar horren ondo rioz, emakumeek, berriro ere, arrisku handiagoa izan dute COVID-19arekin kutsatzeko (beste arrisku batzuen artean). Erraztasunik eta edateko urik gabeko lekuetan, hala nola bainugelarik, komunik eta osasun-produkturik gabeko lekuetan, emakumeek eta neskatoek inpaktua jasan behar izan dute hilekoaren higiene eta osasunean. Azkenik, emakumeek jasaten duten genero-indarkeriari dagokionez, areagotu egin da mundu-mailan, batez ere etxeko konfinamenduko hilabeteetan (27).

Arrisku diferentziala COVID-19arekiko zaurgarritasunean

 Esposizio-arrisku handiagoa izateaz gain, klase sozial edo egoera sozioekonomiko apaleko pertsonek, edo desparekotasun sozialeko beste ardatz batzuek (etnia, generoa) zeharkatutakoek, zaurgarritasun handiagoa dute gaixotasunaren ondorio medikoekiko (28). Hori azal dezaketen bi elementu nagusi daude:

  1. Ezberdintasunak aurretiko osasun egoeran: COVID-19aren larritasuna oso lotuta dago kutsatutako pertsonen osasun egoera basalarekin, eta, beraz, gaixotasun kronikoak izateak, hala nola diabetesa, edo arrisku kardiobaskularreko faktoreak izateak, hala nola hipertentsioa, areagotu egiten dute COVID-19a modu larriagoan garatzeko arriskua (29). Hau da, aurretik osasun-egoera okerragoa izateak areagotu egiten du COVID-19aren larritasuna, eta horrek eredu sozioekonomikoari jarraitzen dio; hala, klase sozial apaleneko pertsonek arrisku-faktore gehiago dituzte, hala nola diabetesa, hipertentsioa edo obesitatea (30).
  2. Ezberdintasunak tratamenduan eta osasun-sistemarako sarbidean: osasun-arreta eskuratzeko ezberdintasunek azaldu ditzakete COVID-19aren larritasunean eta hilgarritasunean maila sozioekonomikoaren arabera mundu-mailan dauden ezberdintasunak (31), baita bokazio unibertsalista duten osasun-sistemak dituzten herrial- deetan ere (25,32). Frogatu da mundu-mailan osasun-zerbitzuen erabilerak, oro har, behera egin zuela, batez ere pandemiaren lehen hilabeteetan, lehendik zeuden sarbide-oztopoak areagotu egin zirela eta, gainera, oztopo berriak sortu zirela (33). Horri, gainera, osasunarekin lotuta ez dauden neurri guztiak gehitu behar zaizkio (langabezia-sorospenak, gizarte-arretako sistemak, diru-sarrerak bermatzeko errentak), pandemia-uneetan aktiba daitezkeenak eta gaixotasunaren funtsezko kausak modulatzen

Baieztatu daiteke Espainian desparekotasun sozialak antzeman direla, intzidentzian zein pronostikoan, eta baita CO- VID-19aren kudeaketaren ondorioetan ere (34). Madrilen, adibidez, 2020an bizi-itxaropenean egondako beherakada handiagoa izan zen hiriaren hegoaldeko eremu behartsuenetan (35). Latinoamerikan ere COVID-19ak eragindako gehiegizko hilkortasunak eredu oso ezberdinak eduki ditu (21). Esaterako, Brasilen, bizi-itxaropena 2012. urteko (36) mailara jaitsi zen eta maila sozioekonomiko baxuagoko auzoetan heriotza-tasa altuagoa izan zela ere antzeman zen (37). Adibide batzuk baino ez dira, baina duela gutxi egindako ikerketa batean, hainbat herrialdetako ikerketak jasotzen dituena, baieztatu da COVID-19ak eragindako heriotza-tasa altuagoa izan dela gabezia sozioekonomiko handieneko eremu/auzo/barrutietan oro har (38).

Pandemia eta osasun mentala

 Azkenik, egoera sozioekonomikoaren araberako desparekotasunak antzeman dira, baina ez soilik pandemiak beste osasun-baldintza batzuetan duen eraginean, baizik eta osasun mentalean ere, bereziki. Pandemiak osasun mentalean izan duen eragina agerian geratu da mundu-mailan (39) zein errenta ertain eta baxuko herrialdeetan (40), besteak beste ekarri dituen galera ekonomiko eta laboralen ondorioz, zeintzuek eragin handiagoa duten baliabide gutxien dituzten pertsonengan, baita osasun-sistema jakin batzuen sarbidearen desparekotasunetan ere. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) duela gutxi egindako txosten batean (41) egiaztatu da arazo mentalek gora egin dutela mundu-mailan. Osasun mentaleko arazoen gorakadan eragina izan duten faktore nagusien artean nabarmendu egiten dira bakardadea, kutsatzeko edo hiltzeko beldurra, maite dugun pertsona bat galdu izanaren dolua eta kezka ekonomikoak. Pandemiak bereziki eragin dio gazteen osasun mentalari, gradiente sozioekonomiko argiarekin (42). Halaber, genero-desparekotasun handiak antzeman dira pandemiaren inpaktu psikosozialean, eta emakumeak dira kaltetuenak (43). Osasun mentaleko arazoen gorakadan eragina duten faktoreei, gainera, gehitu behar zaie osasun mentaleko zerbitzuetan sartzeko etenak eta mugak; horrek arreta sanitarioan arrakala handiak eragin ditu gehien behar dutenentzat.

Ondorioak

Laburbilduz, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du egoera ez dela batere berria, eta pertsona zaurgarrienek gaixotasunen ondoriorik txarrenak pairatzen dituztela (7). Horregatik guztiagatik, pandemian zehar (44) osasun-arloko desparekotasun sozialak mundu-mailan nola areagotu diren frogatzen duen ebidentzia gero eta ugariagoaren aurrean, ezinbestekoa da desparekotasun horiek zenbait mekanismoren bidez murriztea: tarteko determinatzaileetan (lan-baldintzak, etxebizitza, etab.) jardutea, osasun-sistemaren sarbide unibertsala lortzeko bidean aurrera egitea, prestazio sozialak zabaltzea, ekitatearen eta intersekzionalitatearen ikuspegia duten monitorizazio- eta ikerketa-sistemak egotea, eta desparekotasun bidegabe horiek arinduko dituzten politika publikoak sortzea (34, 45).

Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) finantza-laguntzarekin argitaratutako artikulua.Bere edukiak ez du zertan AECIDen jarrera islatu.

PDF artikulua jaitsi